|
|
Donostiako Zinemaldia abiatzear da |
|
|
|
|
Ikusgarri -
Ikusgarri
|
|
Asteartea, 2010(e)ko abuztua(r)en 31-(e)an 10:20etan |
|

Irailaren 17tik 25era burutuko den Donostiako 58. Nazioarteko Zinemaldia hasteko egun gutxi falta direla, ezagunak dira aurtengo hitzorduaren xehetasun gehienak. Hala, jatorriz lapurtarra den Felipe Cazals zuzendari mexikarraren Chicogrande filmak emango dio hasiera Sail Ofizialari. Bi euskal zuzendariren lanak ere ikusi ahal izango dira aurtengo Zinemaldian. Batetik, Jose Maria de Orbe (Donostia, 1958) zuzendaria Sail Ofizialean lehiatuko da Aita izeneko lanarekin. Bestetik, Mikel Rueda bilbotarraren Izarren Argia lana Zabaltegi sailean ikusi ahal izango da, eta Zabaltegi-Zuzendari Berriak ataleko saria eskuratzeko lehian izango da. Gainontzekoan, era askotako eskaintza izango da: Sail Ofizialean, besteak beste, John Sayles, Naomi Kawase, Bent Hamer edo Peter Mullanen filmak eskainiko dituzte; Zabaltegin, aldiz, zuzendari berrien lanak eta munduko zinema jaialdi nagusietan arrakasta lortu dutenak egongo dira ikusgai, hala nola Berlinale-n Urrezko Hartza lortu zuen Bal, Semih Kaplanoglu zuzendariarena, edota Bansky artista ezagunaren Exit Through the Gift Shop. Sail Ofiziala eta Zabaltegi ohiko atalez gain, Horizontes Latinos sailak eta Don Siegel zuzendariari eta ez-fikziozko zinema garaikideari eskainitako atzera begirakoek osatuko dute Zinemaldiaren aurtengo eskaintza.
ARRIYA (la piedra) izeneko filma zuzentzen ari da Alberto Gorritiberea (Gasteiz, 1970). Eutsi! egin ondoren, bigarren film luzea du Gorritibereak, eta aurrekoa baino lan pertsonalagoa izango da. Duela zazpi urte idatzitako gidoian oinarrituta, apustu bat da lanaren ardatza. Bi familiren arteko apustu baten bitartez, gizabanakoen eta taldearen arteko harreman eta gatazkei buruzko hausnarketa egingo du Arriya (la piedra) lanean Gorritibereak. Horretarako, aktore talde zabala baliatu du zuzendariak. Besteak beste, Iban Garate, Sara Casasnovas, Kandido Uranga, Iñake Irastortza, Begoña Maestre, Ramon Agirre, Joseba Apaolaza, Patxi Santamaria, Ainere Tolosa, Zorion Egileor, Egoitz Lasa eta Inazio Tolosa aktoreek hartu dute parte filmean. Filmeko hizkuntza nagusia euskara izango da, baina gaztelaniak ere tartea izango du, pertsonaia batzuk tarteko. 1,5 milioi euroko aurrekontua du Alokatu Producciones-ek ekoitzitako lanak. Uztailean hasi zituzten grabazio lanak, eta irailean amaitu. Ondo bidean, 2011ko udaberrirako prest izan nahi dute filma. |
|
|
Ikusgarri -
Ikusgarri
|
|
Asteartea, 2010(e)ko abuztua(r)en 31-(e)an 10:17etan |
|
MAITALDIA jaialdiak dantzaz beteko ditu Biarritzeko bazterrak irailaren 10etik 19ra bitartean. Aurten, gainera, 20 urte beteko ditu Biarritz Kulturak antolatutako jaialdiak. Halako urteurren berezian, ohiko eskaintza oparo eta zabalari eutsiko dio Maitaldiak, hainbat estilotako ikuskariak eskainita eta dantza ikuskizunez gain bestelako jardunak antolatuta: mintegiak, lantegiak, erakusketak, jendaurreko entseguak... Orotara 30 konpainia ingururen lanak izango dira ikusgai, hala nola, Malandain Ballet Biarritz, Victor Ullate Ballet, Ballet de Lorraine, KD Danse, Russell Maliphant Company, Lionel Loche edota La Intrusa Danza taldeenak.
EUSKARAZKO FILM LUZE gehiago ikusteko aukera izango dugu aurki, hainbat lan pantaila handirako bidean baitira. Patxi Barcok zuzendutako Dragoien ehiztaria, euskarazko lan batek inoiz izan duen aurrekonturik handienarekin (2,5 milioi euro) egindakoa, azaroaren 5ean estreinatuko dute Euskal Herriko zinema aretoetan, Angel Amigo ekoizleak aurreratu duenez. Bestetik, Eneko Olasagastiren Ezinezko maletak filma, Juanjo Olasagarreren izen bereko eleberrian oinarritutakoa, 2011n ikusteko aukera izango dugu agian. Izan ere, Olasagastik berak eta Harkaitz Canok idatziriko gidoia prest dute jada. Haatik, oraindik ere diru-laguntza gehiago behar dituzte 1,5 milioiko aurrekontua osatzeko. Laguntzak lortuz gero, neguan ekingo diete grabazio lanei. |
|
Ikusgarri -
Zine kritika
|
|
Asteartea, 2010(e)ko abuztua(r)en 31-(e)an 10:13etan |
|

Zuzendaria: Christopher Nolan. Gidoia: Christopher Nolan. Aktoreak: Leonardo DiCaprio, Ken Watanabe, Joseph Gordon-Levitt, Marion Cotillard, Ellen Page. AEB-Erresuma Batua, 2010.
Istorioa: Don Cobb-ek espioitza industrialean dihardu, ideia baliotsuak lapurtzen. Eskarmentu handikoa, munduko onena da bere jardunean: exekutiboak lo dauden bitartean, sekretuak lapurtzen dizkie subkontzientetik. Oraingoan, ordea, lan berezia eskatuko diote: sekretu bat lapurtu beharrean, ideia bat txertatu behar du exekutibo baten burmuinean. Zuzendaria: Ikusleak eta adituak aho bete hortz utzi eta Memento bere bigarren film luze harrigarri eta bikainarekin ezagun egin zenetik ibilbide interesgarria osatu du Nolanek, zinema egiteko berezko bideari ekinda eta bertan sakonduta. Hala, emaitza komertzialak eta kritikarien txaloa uztartzen jakin izan du, eta Inception honekin ezin esan bide horretatik urrundu denik. Onena: Zirrara eragiten du Nolanen filmak, estetika ikusgarria eta eduki konplexua uztartuta. Filmeko protagonistak nola, kontakizun labirintikoan murgiltzen da ikuslea, errealitatearen nozioa hankaz gora jartzen baitzaio. Txarrena: Adi-adi ikusi beharreko lana da, arreta ez galtzea eskatzen duelako. Eta zinema areto komertzialetan ematen duten filma izanik, areto horietan eskaintzen dituzten ohiko filmek baino esfortzu handixeagoa eskatzen die ikusleei.
Eñaut Mitxelena |
|
Ikusgarri -
Ikusgarri
|
|
Asteartea, 2010(e)ko abuztua(r)en 31-(e)an 10:10etan |
|
Maria Cruickshank Aktorea
Gustuko duzun filma? Full Metal Jacket. Zuzendari bat? Clint Eastwood eta Tim Burton. Askotan ikusi duzun filma? The Holiday. Lagun bati ez zenioke inoiz gomendatuko... Capote. Gustuko duzun aktore bat? Meryl Streep. Zinemara bakarrik ala lagunduta? Lagunduta. Zinematik atera eta gero... Zer edo zer hartzera edo afaltzera. Ikusi duzun azken filma? Inception. Eta ikusi nahi duzuna? Woody Allenen azkenekoa. |
|
Ikusgarri -
Ikusgarri
|
|
Ostirala, 2010(e)ko maiatza(r)en 28-(e)an 09:56etan |
|
EUSKARA berreskuratzeko Euskal Herrian azken hamarkadetan eginiko lana jaso eta laburbildu du Garabide elkarteak Euskararen berreskuratzea. Hizkuntzak biziberritzeko gako batzuk DVD-liburuxkan. Euskararen berreskurapenak izan duen bideari argazki orokorra egin nahi izan dio Garabidek, hizkuntza gutxitudun komunitateetan euskararen adibidea hobeto ezagutu dezaten eta haientzat akuilu izan dadin. Nolanahi ere, Euskal Herrian bertan ere dokumentu baliagarria izan daiteke, heldu garen punturaino nola iritsi garen ezagutzeko. Lau hizkuntzatan argitaratu dute (euskara, frantsesa, ingelesa eta gaztelania), ale gehienak Euskal Herritik kanpo banatzeko asmoa baitute. Lehen lan hau egitasmo zabalago baten parte da, bilduma osatu nahi baitute. Dagoeneko bigarrena prestatzen ari da Garabide, euskararen corpusari buruzkoa.
DONOSTIA International Physics Center-ek (DIPC) hamar urte bete dituela-eta, zientziaren eta teknologiaren dibulgaziorako bideo amateurren lehiaketa antolatu dute Elhuyar Fundazioak eta DIPCk. Edonori zabaldutako lehiaketa da, zientzia eta teknologia gaiekiko jakin-mina eta zaletasuna besterik ez baitu eskatzen. Gaia ere librea da: zientziaren mugarriak, esperimentuak, etorkizuneko teknologia, bitxikeriak... Euskaraz, ingelesez edo gaztelaniaz aurkez daitezke bideoak, beti ere gehienez 5 minutuko luzera badute. Lanak urriaren 15a baino lehen aurkeztu behar dira. www.onzientzia.tv gunean izena eman eta informazio gehiago eskura daiteke, baita bideoak ikusi ere.
|
|
|
|
|
|