|
Asteartea, 2010(e)ko abuztua(r)en 31-(e)an 19:23etan |
|

Itzuli da iraila, itzuli da eskola garaia, itzuli dira ikastaroak, itzuli dira lan egunak, itzuli dira bilera amaigabeak eta ordutegi finkoak, itzuli dira nagusien bekozko ilunak, itzuli da eguraldi kaskarra, itzuli da futbolaren urteroko matraka, itzuli dira faszikulu bidezko bildumak... eta, hedabideek azken urteotan errepikatzen digutenari men eginez gero, itzuli da opor osteko sindromea ere. Tristura, apatia, antsietatea, loezina, takikardia eta beste hamaika ondoez eragiten dituen sindrome famatua, aditu batzuen ustez existitzen ez dena, baina errepikatuaren errepikatuaz urteroko gure errutinan barneratu dena... edo nahi digutena. Oporren ostean lanera egokitzeko egun batzuk beharrezkoak direla bistakoa dirudi, burua oraindik oporretan izaten dugulako maiz, baina lanerako itzulera apokalipsiaren pare jartzea gehiegizkotzat jo daiteke... Opor osteko sindromea, hegaztien gripea, marmoka hiltzaileak... hedabideok batere lotsarik gabe honako eta besteko ustezko sindrome eta gaitzekin egiten ditugun bonbardaketa informatibo neurrigabeak ez al dira akaso kaltegarriagoak? Eta bestela, zoaz opor osteko sindromeaz hitz egitera uda langabezian igaro duenarengana... |
|
Txus eta gizakiaren aroak |
|
|
|
|
Asteartea, 2010(e)ko abuztua(r)en 31-(e)an 19:19etan |
|
Hor goian dakusazuen argazkiak kontrakoa dioen arren, La Polla-k “Txus es un alcohólico, Txus está nervioso” kantatzen zueneko garaikoa naiz. Gure paparreko pegatinek “Martxa eta borroka” edota “Gaztea naiz eta harro nago” aldarrikatzen zutenekoa. Lagunekiko hitzorduak “halako tokitan eta halako ordutan” esaldia erabiliz egiten zirenekoa. Eskuko telefonorik gabeko garai batekoa, non Twiter, Facebook eta Internet hitzek etorkizun imajinaezin bateko hiztegia osatzen zuten. Bai, ene lagunok, ni ere Paleolitikokoa naiz. Eta harro nago, ze demontre! Beno, egia esan, ez dakit “harro” den hitzik egokiena. Agian “Paleolitikokoa naiz eta etsita nago” esaldia egokiagoa litzateke. Ez dakit. Esan dezagun uda honetan nostalgiko altxatu naizela ohetik. Noiz edo behin hala gertatzen da: sukaldera joan zara eta kafe hutsaren ordez, Cola-Cao prestatu duzu, nola jakin gabe; musika-ekipora hurbildu zara eta, justifikaziorik gabe, Kortaturen kasete baten B aldea jarri duzu martxan; tabernara hurbildu zara eta garagardo bat eskatu beharrean, hara non muztio bat eskatu duzun, limoi puska batekin ahal dela, eta jarraian oliba-hezurrekin hasi zarete jolasean, ea zeinek jaurtiko urrunen, ea nork sartuko aterki-ontzian. Denbora ziklikoa dela diote. Ez dagoela ezer berririk, dena errepikatzen dela behin eta berriro, edo, nire lagun Felixek gaztetan zioen bezala, “bizitza zera duk, errepikapen baten errepikapen etengabea”. Ziurrenik arrazoia izango dute. Agian horrexegatik Coca-Cola enpresakoek Schuss izeneko produktua berreskuratu dute, edari gasdun gipuzkoar bat, Pasaian ekoizten zena eta, nik edari unibertsaltzat jotzen nuen arren, soilik Gipuzkoan kontsumitzen zena duela milioi bat urte. Jurasikoan, gutxi gorabehera. Oraindik ez dut Schuss berria dastatzeko paradarik izan. Botila gaur egungo itxurakoa da. Zaporea, ordea, behinolakoa omen. Saiatu egin direla diote, baina nik zalantzak ditut. Izan ere, zaila deritzot Jurasikoak zuen magia botila batean sartzeari.
|
|
Asteartea, 2010(e)ko abuztua(r)en 31-(e)an 19:18etan |
|
“Zelako sasikumeak izan gaitezkeen ikusteak harritzen nau” Kiko Veneno, musikaria
“Iritzia ematea ez da delitua, ezta oso oker zaudenean ere” Woody Allen, zinemagilea
“Musikak libertate handiena ere txiki du” Ruper Ordorika, musikaria
“Zaila da zure amaginarrebaren etxean poeta zarela esatea” Harkaitz Cano, idazlea
“Bizitza soilik literaturari esker uler daiteke” Suso del Toro, idazlea
“Ospeak zure benetako izaera pizten du. Hollywooden kaikuen modura jokatzen duten aktoreak ikusten badituzu, benetako kaikuak direlako da” Cameron Diaz, aktorea
“Zoriontasuna erabaki pertsonala da” Neus Colomer, psikologo klinikoa |
|
Asteartea, 2010(e)ko abuztua(r)en 31-(e)an 19:15etan |
|
Emakume bat gondolari izango da lehenengoz
1094an Veneziako ubideetako gondolak ibiltzen hasi zirenetik lehen aldiz emakume bat gondolari lanetan ibiliko da. Bederatzi mendez gizonezkoen esparrua izan da lanbidea, baina Giorgia Boscolo gazteak gondola gidatzeko eskubidea eskuratu du. Gondolariek osatutako sindikatu batek arautzen du euren jarduna, eta orain arte inoiz ez dute emakumerik onartu lanbidean. Hala, matxistak izatea egotzi zaie usu gondolariei. Giorgia Boscolok, ordea, bidea zabaldu die gondolari izan nahi duten emakumeei. Gondolari baten alaba da Boscolo, eta azterketa teoriko eta praktiko zorrotzak gainditu behar izan ditu baimena lortzeko. Izan ere, gondolak gidatzen jakiteaz gain, Veneziako historia eta arkitektura ondo ezagutzen dituela frogatu behar izan du, baita ingelesez hitz egiteko gaitasuna erakutsi ere. Baimena lortu arren, oraingoz ezin izango da gainontzeko gondolarien antzera aritu, eta soilik beste gondolariek jai hartzen dutenean haien ordezko gisa jardun ahal izango du. |
|
|