|
Facebook, Tuenti, MySpace... Interneten arrakastaz hazi diren sare sozialak aski ezagunak dira. Zaletasunak, edukiak, ezagutza eta beste hainbat kontu partekatzeko sortuak, erabiltzaile andana lortu dute urte gutxiren buruan. Alta, euren arrakasta handitzen joan den heinean, aurkako iritziak ere ugaritu egin dira. Hala, zenbait sare sozialei dagokienez, pribatutasunaren eta informazioaren segurtasunaren inguruko kezkak agertu dituzten erakunde eta erabiltzaile pribatuak ez dira gutxi, eta bertan ipintzen den informazioa tentuz erabili behar dela aholkatu ohi dute. Sare sozialen aldekoa ala kontrakoa zara? Erabiltzen al dituzu?

1. Marc, Iruñea
“Sare sozialak nahiko ongi ikusten ditut. Nik urruneko lagunekin harremanetan egoteko erabiltzen ditut batez ere, baina oso argazki gutxi jarrita. Nire ustez, eskubideak babestuta daude; pertsona bakoitzak badaki noraino irits daitekeen, eta zuhurtasunez jokatuz gero, arazorik ez da zertan gertatu”.
2. Raul, Gasteiz
“Aldekoa naiz, baina tentuz erabili behar dira. Nik Facebook erabiltzen dut, baina gutxi; egia esan, ez dakit oso ondo nola erabili ere. Nire ustez, erabiltzailearen eskubideak ez daude nahikoa babestuta; edozein sar daiteke beste baten profilean eta gure datuekin edozer egin dezakete”.
3. Leire, Bilbo
“Sare sozialen aldekoa naiz eta maiz erabiltzen ditut. Izan ere, hauen bitartez komunikazio zuzena eduki dezaket munduko beste puntan dauzkadan senide edota lagunekin. Hala ere, sare sozial hauetako erabiltzaileon eskubideak ez daudela nahiko babestuta uste dut”.
4. Iñaki, Astigarraga
“Ez naiz zalea eta ez ditut erabiltzen. Uste dut ardura handiz erabili behar direla. Batzuen arduragabekeriagatik arazo ugari eta egoera deserosoak sor daitezke. Nahiago dut betiko e-posta erabili, pribatuagoa baita”.
5. Diana, Algorta
“Azken aldian modan dago nork bere intimitatea biluztea, baina nik sare sozialak harremanak mantentzeko erabiltzen ditut. Ziur nago barnetegian egindako lagunekin adiskidetasunari euskaraz eusteko balioko didatela”.
6. Patricia, Sestao
“Oso hedatuta daude, baina kontuz ibili behar da, Interneten gezur asko dagoelako. Nik Tuenti eta Facebook erabiltzen ditut, lagunekin mintzatzeko eta argazkiak konpartitzeko. Ez dut arazorik izan, baina egon badaude”.
|