|
Aspalditxo komentatu genuen txoko honetan bertan: gizakion bizi-itxaropena luzatzen doan heinean, gobernu asko hasita daude 20 urte barruko populazio zaharkituari behar bezalako arreta eskaintzeko formula bilatzen. Japonian, esate baterako, uste dute irtenbidea errobotak erabiltzea dela, eta bertako agintariek sekulako aurrekontuak bideratzen dituzte unibertsitateetara pertsonekin aurrez aurre lan egiteko gauza diren errobotak garatu ditzaten. Ikerketa lerroetako batek, gainera, errobot horien itxura ahalik eta atseginena izan dadin lortzea du helburutzat, aitona-amonen laguntzaile jarri nahi dituzten errobotek beldurrik eragin ez dezaten. Baina giza itxurako errobot edo androide horiek iristen diren bitartean, haien 'arbasoak' sartu zaizkigu etxean eta, konturatu orduko, gutako askok txikitan amesten genuena errealitate bihurtu da: etxeko lanak egiteko errobotak ditugu jadanik, nahiz eta zientzia fikziozko pelikuletan agertzen direnekin zerikusi handirik ez duten. Adibide argi bat sukaldeko errobotak dira. Izena entzunda, batek pentsa lezake Star Wars filmeko C3PO zuri bat dela, amantal eta guzti. Erroboton benetako itxura, aitzitik, etsigarri samarra da. Finean, irabiagailu eboluzionatuak dira: ontzian, irabiatzeaz gain, jakiak berotu ere egin daitezke, eta hori dena programatu daitekeenez, gehiagorik ez dugu behar sukaldean lanik hartu beharrik ez izateko: sartu osagaiak lapikoan, adierazi makinari osagai horiekin zer egin behar duen, eta sakatu hasteko botoia. Etxera bueltatzen garenerako prest izango dugu bazkaria, bero-bero eta egin berri, gainera! Azken urtean, berriz, asko famatu dira xurgagailu automatikoak . Hauek ere ez dute oso itxura futuristarik: zoruan handik hona mugitzen den traste borobil zaratatsuak dira. Betiko erratzaren, xurgagailuaren eta errobot baten arteko nahasketa direla esan daiteke: bateria handi bat, xurgagailu txiki bat eta zikina erakartzeko erratz birakari batzuk. Horrez gain, modeloaren arabera, kamera moduko batzuk oztopoak ikusi ahal izateko, eta, hori guztia gidatzen, ordenagailu txiki bat, programazioa eta abarrak gogoratzeko. Botoi bati sakatuta, trastea bera hasten da zorua garbitzen eta, bateria agortzen zaionean, bera bakarrik hurbiltzen da kargagailura, indarra berreskuratzeko. Etxera iristen garenean zikinkeria zakarrontzian hustu eta prest daukagu morroia hurrengo goizean berriz ere hasteko. Oraindik hitz egitea falta zaie, baina, tira, hori denbora kontua da...
Loturak, estekak, linkak...
http://eu.wikipedia.org/wiki/Roomba Xurgagailu automatikorik ezagunenak Roomba du izena. Euskarazko Wikipedian ere badu artikulu txiki bat.
http://eu.wikipedia.org/wiki/Sukaldeko_errobot Sukaldeko errobotek ere badute euren txokoa Wikipedian. Kasu honetan, Thermomix izenekoa da ezagunena.
http://www.wowwee.com/en/products/toys/robots/robotics/roboscooper Xurgagailuaren osagarri ezin hobea: Roboscooper honek zoruan utzitako gauzak atzeman eta bildu egiten ditu. Zapatilak berriz ere ez galtzeko aproposa! |