|
Karlos Linazasoro ELKAR, 2011
Ni banoa esan zuen norbaitek. Esaldi hori behin eta berriro errepikatzen da nobela labur “zoro” honetan. Azaletik begiratuta, eta irakurlearen aldartearen arabera, irakurketa osoa barrezka pasatzeko aukera ematen badu ere, gizakiok elkar ulertzeko ditugun zailtasunei buruz dihardu Karlos Linazasororen azken argitalpenak. T. izeneko herri batean, plazan bildutako jendetza bortitzak eraso egiten dio udalbatzari, batzar gelako leihoetara harriak jaurtiz. Zerbait eskatzen dute, baina barrukoek ez diete ulertzen. Hortik hasita, narrazioa modu erabat absurdoan garatzen da: ez dago jakiterik zenbat gau eta egunez luzatzen den egoera, ezta zenbat diren erasotzaileak ere (tartean txorimaloak dituzte), kopetan jasotako harrikada baten ondorioz hil den zinegotziaren gorpuak lebitatu egiten du, zinegotzi guztiak erabat jantzita daude ezagutza filosofiko eta literarioetan eta gauza dira eztabaida sakonetan aritzeko... Euskara mailari dagokionez, hain nobela laburra izanda eta elkarrizketaz betea, ez dirudi, lehen begiratuan, ulertzen zaila izan behar duenik, baina hain denez absurdoa eta ironikoa, egokiagoa da gutxieneko maila bat duten irakurleentzat, adibidez, honako esaldi hau ez baita ulertzen erraza (gramatikalki oso sinplea izan arren), nobelaren tonuaz ondo jabetu ezean: “Bingoa atera zuten. Kartoiak banatu, diruak bildu, bonboa desataskatu, eseri eta prestatu ginenerako egun berri bat urratu zen ortzemugan”. Bingoa aurreko gauean atera zutela kontuan hartuta...
I.E.
|