|

Araba eta Burgos artean dauden bailaretan ezohiko bazterrak ezkutatzen dira, horien artean biziberritzeko prozesuan dagoen Gesaltzako gatzaga historikoa. Ivan Santamaria.
Arabako Lautadak mendebaldeko bidea hartzen duenean dena da ezberdina. Komunikazio bide nagusietatik kanpo, Añanako koadrila herri txiki eta erdi ezkutuen gordailu da, Burgosko mugarekin topo egin arte. Langraizetik aurrerakoa populazio txikiko eskualdea da, baina baita bisitariarentzat ustekabe ugari biltzen dituen eremua ere. Arabako Mendebalde Urruna da, Gasteiz hiriburutik dirudiena baino hurbilago egonagatik. Eskualdeko bihotza, beste gune batzuen baimenarekin, Gesaltza da. Gasteiztik 30 kilometrora dago, Arabako hiriburua Madrilerako bidean jartzen duen errepidetik mendebaldera. Akaso, aspaldi izan zuen garrantzia aurkitu ezinik ibili da azken hamarkadetan, baina galtzeko zorian zegoen altxor bati eusteko gai izan da: gatz harana. II. mendetik aurrera gatza modu tradizionalean ustiatu da Gesaltzan. Urte luzez bailarari ospea eta bizimodua ziurtatu zizkion jarduerak, harik-eta itsasoetako gatz merkeak merkaturik kanporatu zuen arte. Orain, ordea, gatzagak biziberritzeko plan indartsua jarri du martxan Arabako Foru Aldundiak. Horri esker, gatza ekoizten jarraituko du Gesaltzak, eta gune historikoa ez da desagertuko. Heldu den irailean berriro ere gatz hori salgai egongo da, gainera. Lan molde tradizionala Gatza ustiatzeko modu tradizionala erabiliko da berriro. Orain dela 200 milioi urte ur gaziko ozeano batek estaltzen zuen eremu guztia. Lehortu zenean, gatz geruza handi bat geratu zen lurzoruan. Gatza atera ahal izateko, geruza hori higatzen duen ura erreka eta iturburuetatik hartu eta larrain izena duten espazio laukizuzenetara bideratzen da. Eguzkiak ura lurruntzen duenean, gatza larrainen azpian dagoen gordailuan geratzen da, euritik babestuta. Garai oparoenetan 5.600 larrain izan zituen Gesaltzak. 90eko hamarkadan 42 baino ez ziren geratzen. Biziberritze planari esker, eremu guztia pizten ari da, eta hori ikusteko modurik onena Gatz Harana Fundazioak eskaintzen dituen bisita gidatuak dira. Udan goizeko 10etatik arratsaldeko 7etara zabalik egoten da. Astegunetan orduro egin daiteke bisita, baina asteburuetan ordu erdian behin talde bat hartzeko prestaturik dago. Helduentzako sarrerak lau euro balio du, eta talde bat izanez gero (hamar lagun baino gehiago) hiru euro ordaintzen dira pertsonako. Ikasleek, elbarriek eta erretiratuek prezio erdia ordaintzen dute, eta haurrek, bi euro baino ez. Informazio guztia www.vallesalado.com web-orrialdearen bidez edo 945 351 111 telefonoan eskuratu daiteke. Aldez aurreko erreserbak onartzen dira, eta posible da bisita euskaraz egitea. Aukera ugari Bisitariak, gainera, beste ezuste bat aurkituko du. Gatzagan aritzen zirenek oinutsik egiten zuten lan. Hala jabetu ziren oinak ur gazian sartzeak ekartzen zien onuraz. Bada, gatz haranean espazio bat egokitu dute, bisitariek ere oinak erreketatik datorren ur gaziarekin freskatu ahal izateko. Gatzagatik aparte, badira bisita merezi duten beste espazio batzuk ere. Gesaltzan bertan Akreko San Joan komenturaino doan paseoak bailarako ikuspegi politak eskaintzen ditu. Ibili nahi izanez gero, Burgosekin muga egiten duen Valderejo natur parkea, 3.500 hektarea dituen ekosistema, bertan dago. Hegaztiak, zuhaitz barietate handia eta hustutako herrixkak tartekatzen dira egokituta dauden bideetan zehar. Valderejora iritsi baino lehen, aukera ona da Villañanen geldialdia egitea, Baronarren dorretxe bikaina ikusteko. XIV. mendeko gotorleku eta jauregi horrek bailarako zati eder bat menperatzen du, eta Araba osoan ondoen kontserbatu den gisa horretako eraikina da. Angostoko santutegia, Tuestako eliza erromanikoa edo Gaubea (haraneko hiriburua) ere bisitatzeko toki interesgarriak dira.
|