|

Bilbo berri, moderno eta turistikotik Bilbo industrial, kirasdun eta beltzera, XXI. mendeko hiri modernotik XX. mendeko behargin portura. Hori da Ibai Alai itsasontziak Ibaizabal itsasadarrean zehar egiten duen ordubeteko bidaia, Bilbo beste ikuspuntu batetik ezagutzeko aukera. Bidaiari turistak Guggenheim museoak altxarazten ditu argazkiak ateratzeko, baina bidaiari bilbotarrak Zorrotzaurreko eraikin ilun eta eroriekin hunkitzen dira, iragan hurbilera jauzi eginda. M. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.
Ibai Alai itsasontziak 15 metroko luzera du, bidaiarientzako bi bizkar jesarlekuekin eta 80 lagunentzako lekua. Ibaizabal itsasadarrean ibiltzen da gora eta behera, udaletxe aurrean hasi eta Olabeaga eta Elorrieta pareraino iritsi arte. Kontrastea sekulakoa da. Bidaiaren hasierako paisaia erabat turistikoa da: itsasadarraren alde bietan, jendea paseatzen, korrika, patin gainean, txirringaz, erakin berriak... Izan ere, udaletxe aurrean branka itsasorantz begira jartzeko itzuliaren ondoren, Calatrava arkitekto entzutetsuak egindako Zubizuri da Ibai Alaik azpitik pasatzen duen lehen zubia, Izozaki dorreen ondoan. Ostean, Salbeko zubi zaharberritua dator, garai batean itsasotik itzultzen ziren arrantzaleek Ama Birjinari salbea errezatzen zioten lekua, bertatik ikusten delako Begoñako basilika (hortik datorkio izena zubiari). Dena den, zubi horrek badu beste historia bat ere, oso altua izanik, jende askok aukeratu duelako bertatik jauzi egin eta bere bizitzari amaiera emateko. Baina ziur hori ez dietela turistei kontatzen. Gune horretan hasten dira turista gehienak argazki makinak prestatzen, Salbeko zubi azpian kokatzen delako Guggenheim museoa, armiarma handiaren zaintzapean. Ezkerraldean museoa, bukatutakoan Euskal Herriko etxe-orratz altuena izango den eraikina, Deustuko Unibertsitateko liburutegia... eta eskuinaldean, Ibai Alaik azpitik igarotzen duen Arrupe pasabidearen parean, Deustuko Unibertsitatea. Itsasontziko bidaiariak argazkiak ateratzen, ibaiertzeko ibiltariak itsasontziari so... Aurrerago, garai batean gorantz zabaltzen ziren bi zatitan banatzen zen Deustuko zubia igaro ostean, Euskalduna jauregia, atzean Karola izeneko garabi gorri ikusgarria duela. Horrek ere badu bere historia, paraje horretan Euskalduna jauregiaren eta Euskalduna zubiaren ordez Euskalduna ontziola zegoen garaikoa. Kondairak dioenez, egunero pasatzen zen ontziolako langileen aurretik neska eder bat, eta hamaika lore entzuten zituen. Neska hark Karola zuen izena, eta haren omenez bataiatu zuten langileek garabia. Euskalduna zubia da muga, hortik aurrea ibaiertzeko paisaia aldatzen hasten da, belzten, zahartzen... Turista gehienek atseden ematen diete argazki makinei eta harrituta begiratzen diote inguruari. Irudi horiek ez ziren agertzen euren herrian ikusi zituzten gidaliburuetan: lantegi zaharrak, batzuk XX. mendearen bukaerako krisialdian itxitakoak, beste batzuk oraingo krisiari ozta-ozta eusten diotenak; lantegi haien tximinietatik ateratzen zen keak belztutako etxeak, jabeek berritzen ez dituztenak, inguru horretarako onartuta edo onartze bidean dauden hainbat egitasmoren ondorioz botako dituzten beldur... Han hasten da sentitzen erdigunean bizi diren bilbotarrek ahaztua duten kiratsa ere, barru-barruraino sartu eta ahoan halako burdin zapore mikatza uzten duena. Baina hori, oraindik hor badago ere, iragana da, urte gutxi barru ikusiko ez den paisaia, bidaiaren aurreneko zatiaren antza hartuko duelako paraje horrek ere bidean diren egitasmo guztiak gauzatzen direnean. Ordu erdiko ibilbidea egin ostean, jiratu egiten da Ibai Alai, itsasadarrean gora turisten Bilbora lehengo bidetik itzultzeko. Ontzi hau pasa den urteko urrian hasi zen nabigatzen Ibaizabal itsasadarrean zehar. Hiru bazkideren artean sortutako ideia da. Holako egitasmo batek urte osoan iraun behar zuela sinetsita elkartu ziren, eta euren gustura diseinatu zuten ontzia. Ibai Alai, hortaz, itsasontzi berri-berria da, marea biziek itsasadarra ia urik gabe uzten dutenean ere ateratzeko modukoa. Baina Bilbo itsasadarretik ezagutzeko bidaiaz gain, Portugaleteko Zubi Esekiraino egiten den beste bat ere eskaintzen du Ibai Alaik, pare bat ordukoa. Batean zein bestean bidaiariek ikusten ari diren lekuei eta itsasadarraren iraganari eta etorkizunari buruzko azalpenak jaso ditzakete euro baten truke ematen dituzten kaskoen bidez. Euskaraz, katalanez, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez edo alemanez. Bidaia taldeentzat prestatzen denean, berriz, itsasontziko bozgorailuen bidez ematen dira azalpenak, doan. Badute beste eskaintza bat ere, beheko bizkarreko eserlekuak kendu eta bertan ospakizunak edo ekitaldiak antolatzeko lekua prestatzen baitute. Informazio gehiago: www.bilboats.com. |