|

Historia, oroimena, natura eta aisia. Horiek guztiak batzen ditu Intxortako Ibilbide Tematikoak. Elgeta abiapuntu eta helmuga izanik, Intxorta mendiaren hegaletan zehar, Gerra Zibileko pasarte garrantzitsu bat bertatik bertara ezagutu eta bizitzeko txangoa egin daiteke, gerra garaiko aztarna berreskuratuei segika. Eñaut Mitxelena. Argazkiak: Amaia Zabalo.
Agur Intxorta maite/ gomutagarria/ Arratiako mutillen/ garaitzaren tokia. Intxortako borrokari erreferentzia zuzena egiten dio Gerra Zibilean Eusko Gudariak kantuari gehitu zitzaizkion ahapaldi ugarietako batek, Joseba Tapiak Agur Intxorta maite diskoan 1936 eta 1937ko beste hainbat gudu kanturekin batera ondo jaso zuenez. Izan ere, Gerra Zibilean frankistei aurre egin zieten gudari eta milizianoen artean toki esanguratsua bilakatu zen Elgeta gainean dagoen Intxorta mendia. 1936ko urritik 1937ko apirilera arte, zazpi hilabetez, eutsi zieten bertan frankisten erasoei. Gipuzkoa osoa, Elgeta eta Eibar salbu, faxisten eskuetan zela, Bizkaia hartzeko frankisten ahaleginak gelditu zituzten errepublikazale eta gudariek, kostaldetik Urkiolaraino, Elgeta eta Udalaitzetik barna, zihoan frontean. Lehen erasoetan, 1936ko urrian, milizianoek bota zituzten atzera frankistak. 1937ko apirilaren 19tik 23ra eraso gogorrak jasan zituzten Intxortako defendatzaileek, hegazkin eta kanoien bonbardaketa latzak pairatuta. Azkenean, frankistek Udalaitz inguratuta frontea hautsi eta Elorrio hartu zutenez (Elgeta 24an erori zen), euren postuak utzi behar izan zituzten. Alde egin zuten, baina ez zituzten garaitu, frankistak gehiago eta hobeto armatuta egon arren. Fronte haren aztarnak berreskuratu ditu Elgetako Udalak, Intxorta 1937 Kultur Elkartearekin elkarlanean, eta ibilbide tematikoa osatu dute Intxortaren magalean. Mendia garbitu eta lubakiak berreskuratuta, Gerra Zibila eta Intxortako borrokak hobeto ezagutzeko modua dago Elgetan. “Uste genuen zor bat geneukala gure herrian Gerra Zibila bizi izan zutenekin, eta historian beren lekua egin behar zitzaiela”, azaldu digu Oxel Erostarbe Elgetako alkateak. Hortaz, Elgetan gerra eta errepresioa sufritu zituztenak ahanzturatik atera dituzte, beharrezko errekonozimendua emateko. Hala, iragan maiatzean estreinatu zuten ibilbidea. Aurrerantzean ere egitasmoa hobetzen joango dira, Erostarbek jakinarazi duenez. Hasteko, Harrera Gunea Elgetako Espaloia Kafe Antzokian dagoen Harrera Gunea bisitatuta hasi daiteke ibilbidea. Sartu eta berehala, Elgetako frontearen xehetasunak erakusten ditu maketa handi batek: frankisten eta errepublikazale eta gudarien batailoien kokapena, erasoaldiak nondik jo zituzten batzuek eta besteek, kanoi-baterien kokapena... Merezi du maketari adi begiratzeak ondoren ibilbidean ikusiko duguna errazago ulertzeko. Maketaz gain, Intxortako gudua, Gerra Zibila eta gerra ondorengo errepresioa ezagutzeko hainbat elementu eskaintzen ditu Harrera Guneak. Gerran erabilitako zenbait arma, hegazkin eta ibilgailuen maketak, Intxortako lubakiak prestatzean agertu diren hainbat tresna (jaurtigaiak, balak, txanponak, kaskoak, jateko erabiltzen zituzten ontziak...), garaiko argazki eta egunkariak... Zenbait objektu Intxortan topatutakoak dira, beste zenbait, ordea, beste leku batzuetatik ekarritakoak. Elgetako frontean gertaturikoak eta frankistak herrian sartzean egin zituzten gehiegikerien lekukotasunak jasotzen dituen ikus-entzunezkoa ere ikus daiteke. Euskal Herrian gerran borrokan hildako, fusilatutako eta desagertutakoen izenak eta irudiak berreskuratzea helburu duen Izen guztiak, aurpegi guztiak ekimenak ere badu bere lekua gunean. 13.000 biktima ingururen izenak bildu dituzte, eta horiei aurpegia ipini nahi diete. Dagoeneko 800 ingururen argazkiak lortu dituzte, eta horiek guztiak ikus daitezke, banan-banan. Harrera Gunean ibilbidearen mapa erakusten duen esku orria hartu eta ibilbidean paratu dituzten informazio panelei segika, Asentzio gainerantz doa bidea. Intxortako borroketako gune nagusienetakoa izan zen Asentzio gaina. Gain honetan, San Asentzioren omenezko ermitaren atzean, zeuden faxisten lubakiak. Ermitaren parean, Intxortako hegalean, orain berreskuratutako lubakiak bereizten dira. Han zeuden frankisten oldarrari aurre egin zieten gudari eta errepublikazaleen posizioak. Kokapenak berak, panelen laguntzarekin, bertan izandako borrokak irudikatzeko balio du. Iragana irudikatzen Asentziotik bertatik lubakietara joz gero, Errepublikaren defendatzaileen omenez duela hiru urte ipinitako Intxortako Atea monumentua ikusiko dugu, Juan Jose Arangurenek egina. Parean, bi urteotan berreskuratu dituzten hainbat parapeto eta lubaki, zazpi hilabetez fronte honetan egon ziren gudari eta milizianoen bizi-baldintzak irudikatzeko baliagarri direnak: lurrean zulatutako lubakiak, tiratzaileentzako habiekin, eta hegazkin eta kanoi frankisten bonbetatik babesteko babesleku pasiboak. Lubakiak ikusi eta zapalduz, pixkanaka, Belgikarren Kokapenera ailegatuko gara, metrailadore-habia izan zenera. Gune honek badu bere legenda puntua. Antza, Irunen borrokan ibilitako belgikar gizon eta emakume batzuek bete zuten gunea, eurekin batera ekarritako metrailadorearekin. Intxortako borrokaldien hasieran izan ziren bertan, lehen erasoei aurre egiten. Euren kokapenetik Asentzioko zelaia bertatik bertara ikusten zenez, euren metrailadorearen lana ezinbestekoa izan zen lehen frankista oldeak geratzeko. Lehen borroken ostean alde egin zuten, eta ez da nazioarteko brigadista haiei buruz beste ezertxo ere jakin. Historiaren arrastoak une batez alde batera uzteko aukera ere eskaintzen digu lekuak. Izan ere, ikuspegia ezin ederragoa da: Udalaitz, Aizkorri,... Paisaiaz gozatu ostean, herrirantz jotzen du bideak. Elgetako kaskora ailegatzear, Xalbador ermitan, aurkitzen dira azken panelak, frankistek herrira sartzean eraildako zibilen omenezko monolitoarekin batera. Frontea zazpi hilabetez bertan geldirik egon ostean, frankisten sarrera bereziki krudela izan zen. Erostarbek dioen moduan, “hona igo zirenean bi egun libre eman zizkieten nahi zutena egiteko”. Eta egin, egin zituzten: bortxaketak, erailketa bidegabe eta basatiak… Urte luzez estaliak izan diren krimen eta gertakizunak, eta, Intxorta magaleko lubakien moduan, pixkanaka azaleratzen ari direnak. Irabazleek ezarritako isiltasuna gainditzeko, oroimenak ez dezan oroi min izaten jarraitu.
Intxortako Ibilbide Tematikoa - Sei kilometro inguruko ibilbidea, 12 informazio panelekin. - Elgetako kaskoan hasi eta bukatzen da, eta bi ordutan egin daiteke. - Zailtasunik ez du, baina euria eginez gero, kasu lokatzarekin. - Ibilbidea osorik egin nahi ez duena Asentzio gaineko atsedenlekura joan daiteke autoz, auto eta autokarabanentzako aparkalekua baitu. - Informazio gehiago: www.elgeta.org (Elgetako Udala) eta www.intxorta.org (Intxorta 1937 Kultur Elkartea. Web-gune honetan Izen guztiak, aurpegi guztiak egitasmoa ere ezagutu daiteke). |