|

Itziar Ituño (Basauri, 1974) aktorea da. Lan ugari egin ditu telebistan, antzerkian eta zineman: oraintxe bertan ETB-1eko Goenkale telesailean ikus dezakegu, antzokietan hainbat lanekin, eta Kubatik iritsi berria da Patxi Barcoren zuzendaritzapean Dragoi Ehiztaria filma grabatzen egon ostean. Pasa den udan Mikel Ruedaren lehen lan luzea izan den Izarren argia filmaren grabaketan parte hartu zuen. Bere herriaren 500. urteurrena ospatzeko hil honen lehen asteburuan estreinatuko den Auri Auri ikuskizunarekin dabil orain. Gaztetxoa zelarik hasi zen Basauriko Antzerki Eskolan, baina dena utzi eta soziologia ikasteari ekin zion. Hala ere, harra barruan zeukan, nonbait... M. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.
Zergatik hasi zinen gaztetan Basauriko Antzerki Eskolan? Izugarri gustatzen zitzaidan zinema, amak txikitan eramaten ninduen. Institutu garaian buruan nuen zinemarena, baina ez antzerkia. Gainera, nora joan zinema ikastera? Ez nekien nondik hasi ere... Baina institutuan Basauriko Antzerki Eskolan tailerrak hasiko zirela iragartzen zuen kartel bat ikusi nuen, eta lagun batzuekin joan nintzen. Azkenean neu bakarrik geratu nintzen, denak beldurtu egin zirelako, eta neu ere bai, oso lotsatia nintzelako. Baina antzerkia horretarako txoke terapia ederra zela konturatu nintzen, eta beldurrari aurre egiten ikasi nuen. Hala ere, dena utzi eta soziologia ikastea erabaki zenuen.... Basaurin bi urte egin ostean, Donostiako Antzerti Eskolara joan nintzen bigarren zikloa egitera, baina lehen urtea eginda, ez nuen irteerarik ikusten antzerkian eta ganorazko zerbait ikastea pentsatu nuen, gero lana topatzeko. Ez nuen sinesten aktore izateko aukeran, gustatzen zitzaidalako bakarrik ibiltzen nintzen horretan. Donostian nenbilela, konturatu nintzen ezin nituela institutuko ikasketak eta antzerkia batera eraman, eta antzerkia uztea erabaki nuen. Eta nola itzuli zinen antzeztera? Kalean topo egin nuen antzinako irakasle batekin, Tarima taldean ibilitako Iñaki Garciarekin, eta berak esan zidan antzerki ikasketak ordurako Basaurin amaitu ahal zirela. Urtebete bakarrik falta zitzaidan eta konbentzitu egin ninduen. Dena amaitu nuen, soziologia eta antzerki ikasketak, baina sekula ez naiz aritu soziologia arloan lanean. Dena dela, pozten naiz karrera egin izanaz. Soziologiako hainbat ikasgaitan rolak, estatusak, alde sozialak... aztertzen dira, eta horrek antzerkirako ere balio du. Oraintxe bertan Auri Auri izeneko ikuskizun batean murgilduta zabiltza. Zertan datza? Aurten 500 urte betetzen dira Basauriko San Migel elizatea sortu zela. Hori dela-eta, hainbat ekitaldi egingo dira, eta gu ikuskizun hori prestatzen gabiltza. Basauriko historiari buruzko ikuskizuna da, euskal dantza, abesbatza, musika eta abar batzen dituena, historia kontatzeko modu ezberdin bat. Kukubiltxoko Josu Camara dabil zuzentzen eta martxoko lehen asteburuan estreinatuko dugu. Pasa den urtean bi filmaziotan hartu zenuen parte. Lehenengoan, Izarren argia, Mikel Ruedaren zuzendaritzapean, mojarena egin duzu. Zer kontatzen du filmak? Gerra Zibilean girotuta dago, eta Saturrarango kartzelan egondako emakumeei buruzkoa da. Nirea paper txiki bat da, moja gaiztoarena egin dut. Duela gutxi ikusi nituen lehen irudiak erdarazko bikoizketa egitera joan nintzenean, eta oso itxura ona du... Gogorra izan zen paper hori egitea? Egia esan, moja gaiztoarena egitea ez da hain zaila. Gogorrena Cara al sol kanta ikastea izan zen; gainera, behin buruan sartuta, ateratzerako... Dragoi Ehiztaria, berriz, Patxi Barcoren bigarren film luzea da, eta lehenengoan (El final de la noche, 2003) ere zeu izan zinen protagonista. Bere musa ote zara? Ekoizlea ere bera izan da bietan, Angel Amigo. Ez dakit noren ideia izan zen niri deitzea, baina egia da Asier Hormazaren bikotekidea izatea ere askotan tokatu zaidala, bai antzerkian, bai zineman. Musa, musa... ez dakit. Niri Angel Amigok deitu zidan, baina ez dakit nork pentsatu zuen nigan paper horretarako. Film horretan ETA-pmko kide bat da protagonista, El Salvador eta Nikaraguan internazionalista. Gai konplikatu samarra da? Baietz uste dut, nahiko historikoa da filma. Baina aldi berean istorioa aspaldikoa da, poli-mili baten istorioa delako. Ez dakit gaur egun gertatzen denak zerikusi handirik daukan film honekin... Bakoitzaren ikuspuntuaren arabera izango da hori. Fikzioa da, baina badaude errealitatetik ateratako kontu batzuk. Euskaraz egindako aurrekontu handiena (bi milioi eta erdi) duen filma omen da hau... Lehenengo eta behin esan behar da ez dagoela euskara hutsean eginda, hizkuntza modu naturalean erabili da; beraz, euskaldunen arteko elkarrizketak euskaraz egiten dira, baina Amerikako pertsonaiekin, adibidez, gaztelaniaz. Hala ere, garestia izan da, eta ez Kubara joan garelako, horrek merkatu egin baitu, hango Zinema Institutuak giza baliabideak eta baliabide teknikoak jarri dituelako, helikopteroa barne. TVEk eta ETBk ere dirua ipini dute. Euskal zinema indarra hartzen ari da? Nik uste dut orain dela urte batzuk baino gauza gehiago egiten direla. Ander filmak Berlinale Jaialdian saria jaso du, eta beste lan itxuroso3 batzuk ere egin dira, adibidez, La máquina de pintar nubes. Hala ere, hemengo aktore asko Madrilera joaten dira, euren karreran aurrera egiteko. Pasatu zaizu inoiz burutik? Ez, lan zehatz baterako deituz gero, joango nintzateke, beldurtuta, baina joango nintzateke. Baina bizitzera, ez. Ez dut Madrilen bizi gura, hori argi daukat. Nire lana garrantzitsua da, eta zoriontsu egiten nau, baina bizitzako beste gauza batzuek ere bai. Nire etxea eta nire jendea hemen daude, eta horrek pisu4 handia dauka nire bizitzan. Egunen batean lanik gabe geratuko banintz, agian joango nintzateke, denbora baterako, baina oso gogorra suertatuko litzaidake. Ziur aski jende askorentzat telebistagatik izango zara ezagunago, Goenkale-ko ertzaina izateagatik. Hala ere, aktore gehienek gaitzetsi egiten dute medio hau, eta zuk? Baita, baina egia ere bada Goenkale eskola handia izan dela niretzat, bai euskaragatik, baita interpretazioagatik ere, aukera asko daudelako nork bere burua ikusi eta akatsak zuzentzeko. Asko ikasi dut, baita gauzak arin egiten ere. Baina aukeran nahiago ditut zinema eta antzerkia. Aktore gehienok esaten dugu gauza bera, baina horrela da. Telebistan oso gustura nabil, badaramatzat sei bat urte, ia funtzionario ere bihurtu nau Goenkale-k. Aktore batentzat oso garrantzitsua da holako lan batek ematen duen ziurtasuna. Eta film batean parte hartzeko aukera sortzen denean? Kubara joan nintzenean, adibidez, Goenkale-koek gidoia aldatu zuten eta Nekane ertzaina, nire pertsonaia, bahitu egin zuten, desagertuta egon zen. Zoramena izan zen eurentzat, baina ez da egunero sortzen zinemarako film batean parte hartzeko aukera. Goenkale-n moldatu egin ziren eta eskerrak ematen dizkiet, Kubatik itzuli eta lanean jarraitu ahal izan dudalako. Oso pozik nago horrekin. Ez dizu beldurrik ematen paper horretan lerrokatzeak? Tira... Hori da tokatu zaidana, baina gauza asko gertatu zaizkit Goenkale-n: haurdun egon naiz, umea galdu, mutil-lagunak eduki ditut, orain neska-laguna daukat... Hori bakarrik egingo banu, apur bat herdoilduta geratuko nintzateke, baina beste zerbait irteten bazait, konpentsatu egiten dut beste pertsonaia batzuk antzeztean. Kalean ez dizute Nekane deitzen? Buff, bai! Eta eskoletara ipuin-kontalari moduan joaten naizenean, umeek Nekane deitzen didate, eta sinadura eskatu! Eta nik, “Itziar naizela eta ipuinak kontatzera etorri naizela!”. Hori gertatzen da, baina hemengo jendea ez da astuna. Herri euskaldunetan egon naizenetan, jendeak begiratu egiten dit, agian agurtu edo zerbait esan, baina errespetu handiz, herabe. Madrilen dabiltzanek, aldiz, esaten dute hango jendea nahiko astuna dela aktoreak kalean ezagutzen dituenean. Gustuen, beraz, antzerkian eta zineman ibiltzen zara. Baina bi horien artean, zeinetan? Errazagoa suertatzen zait zinema, dena txiki egiteko joera dudalako. Antzerkiak, berriz, handitasuna eskatzen du emozioak erakusteko. Zineman bekain bat altxatzearekin mila gauza esan ditzakezu, baina antzokiko taula gainean hori ez da ikusten, eta ahotsarekin, gorputzarekin... ahal duzun guztiarekin lagundu behar diozu keinu horri, eta lotsatia naizenez, hori zailagoa da niretzat. Erosoago ibiltzen naiz zineman, baina erronka niretzat antzerkia da, eta antzerkian paper bat ondo irtetea lortzen dudanean, izugarri pozgarria da! Antzerkia zailagoa da niretzat, asko gustatzen zait, baina beldur puntu bat ere ematen dit. Gusturago ibiltzen naiz zineman. Emaitzetan? Bada, antzerkian berehala jasotzen dugu jendearen erantzuna, hor aurrean daukagu. Zineman, berriz, gure aurpegia hor aurrean handi-handi ikustea... buff! Aukeran, agian antzerkia, beldur eta guzti. Nabaritzen al da krisia zuen arloan? Bai, nabaritzen da, batez ere funtzio gutxiago egiten ari garelako. Programatzaileen kontua da, nonbaitetik dirua kendu behar bada, kultura da beti lehena. Igarri egin da, bai. Eta ipuin-kontalari moduan ere, aurten ez dut oraindik deirik jaso. Dena dago krisiarekin lotuta. Horrelako garaietan jendea barre egitera joaten da antzerkira? Bai, bai, argi dago. Jendeak gurago du komedia bat drama bat baino. Niri biak gustatzen zaizkit, momentuaren arabera. Istorio poetiko eta triste bat ikusten ere disfrutatzen dut. Baina jendea, barre eginez gero, poz-pozik ateratzen da, nahiz eta zentzurik eta mezurik gabeko istorio bat ikusi. Begira, Alessandro Bariccoren Seda antzezlana egin nuen, oso istorio polita, eta jende gutxik ikusi zuen. Niretzat, berriz, egin dudan lan ederrenetakoa izan da, baina tristea zen, poesiaz betea... Aktore lanaz gain, pertsona konprometitua zara hainbat gairekin: euskal presoen aldeko ekimenetan parte hartu duzu, Egunkariaren alde agertu zara, euskara militantea zara... Nik argi daukat, hori da nire iritzia eta ez daukat zertan ezkutatu. Errespetatzen dut bere iritzia publikoki agertu gura ez duen jendea, baina nik orain dela gutxi atera den lagun bat eduki dut kartzelan, badakit zein den Euskal Herriko egoera, euskara ikasi dut eta euskararen aldeko militantea naiz... Kontzientzia bat daukat eta ez daukat zertan ezkutatu. Gustatzen ez zaionak, badaki zer egin.
KOLKOTIK
Amets bat? Egunen batean euskaraz egindako pelikula batek mundu osoan oihartzuna izatea. Noizko Hollywooden? Aurrena ingelesa ikasi beharko nuke, baina gustatuko litzaidake han film bat egitea, kar, kar! Eta Oscarra jasotakoan, eskerrak ematean euskaraz egingo nuke! Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean? Betzuloak, eta buelta emandakoan, ipurdi potoloa, kar, kar! Beti pentsatzen dut kirol gehiago egin behar dudala, baina konforme nago. Hori bai, adina igartzen dut, e? Txikitan zer izan nahi zenuen? Zinemako aktorea. Eta orain zer ez duzu izan nahi? Hipokrita, faltsua eta asmo txarreko pertsona. Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru? Espero dut lanean eta pozik egotea, gauzak egiten, gelditu barik, eta seme-alabaren batekin behintzat bai. Zerk ematen dizu lotsa? Lotsagarri geratzeak, ziurtasun ezak, beldurretik sortzen da lotsak. Eta amorrua? Hainbat gauzak! Euskal Herriko egoerak, jende buruberoak, injustiziak... Bizitzako plazer txiki bat? Bazkalosteko kafe egin berria, esnearekin. Gogokoen duzun aktorea? Meryl Streep, Kandido Uranga... Gustura antzeztuko zenukeen pertsonaia? Sorginarena, Zugarramurdiko garaian girotutakoa. |