| Aldudetik lau haizetara! |
|
|
|
| Erreportajeak - Erreportajeak |
| Asteartea, 2010(e)ko martxoa(r)en 02-(e)an 10:41etan |
|
Kanaldude da Aldudarrak Bideo elkarteak garatzen duen herri telebista parte-hartzailearen proiektua. Bere helburuetariko batzuk dira herrialdeko bizitasuna erakustea, euskararen presentzia normalizatzea eta jendeak parte hartzeko animazio tresna bat izatea. Ihintza Erremundeguy. Argazkiak: Angela Mejias. Kanaldude ikusteko badira era anitz. Lurraldeko biztanleen gehiengoak edukiak jaso ahal izan ditzan, zabalpen modu desberdinak erabiltzen dituzte. “Zabalpen analogiko eta numerikoa, beste TB kate batzuekiko elkarlana, dokumentuak Interneten ezartzea, DVDak leku publikoetan eskura jartzea, harpidetza bidez DVDak zabaltzea, zabalpen publikorako gaualdiak antolatzea. Horiek dira gure bideak” azaldu digu Ximun Carrere Kanaldudeko arduradunak. Internetez jaso daitezke bideoak astero, nork bere posta elektronikoan. Edonork Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu helbidera idatziz gero, berriak jaso nahi dituela erranez, astero “Zer berri aste huntan?”Gaur egun, Aldudarrak Bideo elkartea SCIC (Interes Kolektiboko Kooperatiba Elkartea, frantsesezko sigletan) bilakatzen ari da. “Bost lanpostu finko ditugu eta gure inguruan aldikako izaera daukaten beste bost pertsonekin erregularki lan egiten dugu. Kanaldude proiektu berezi bat da, baina jende berak eramaten ditu Kanaldude saileko gauzak eta ondotik egiten ditugun lan pribatuak” erran digu Ximun Carrerek. Elkartea urtez urte garatuz doa. “Gure helburu nagusia da, oraingoz, 2009an sortutako emankizunak (Salto'k, Tokika, Leihotik eta Gutartean) segurtatzea eta erregularki ekoiztea” dio Ximun Carrerek. Ikus-entzunezko tresneriaren prezioak izugarriak dira, baina Kanaldudek lortu du materiala erosteko behar adina diru. “Lortu dugu kalitatearen eta prezioaren arteko hautsi-mautsi bat. Ez gara batere besteekin konparaketan ari. Ezagutzen ditugu diren material guztiak, baina kontziente gara zein ekonomiatan garen eta eros dezakegun materialarekin jakin behar dugu kalitate ertaina ateratzen” adierazi du Ximun Carrerek. Internet izugarri tresna emankorra da Kanalduderentzat. Ximun Carrerek dioen bezala, “ez dakigu bihar jendeak nondik jasoko duen telebista. Beraz, guk segituko dugu web-gunea garatzen. Bestalde, telebistan huts egindako emankizun bat Interneten berriz harrapatzen ahal da. Horrez gain, formatu berri batzuk ere probatzen ahal dira, adibidez, BIZI! ekologia taldearen inguruan egin dugun web dokumentala”. Telebista analogikoa desagertzen ari den garai honetan, Kanaldudek galdera anitz ditu geroari buruz. Oraingoz ez dute ikusten frantses estatuaren partetik zein aukera izanen diren telebista berriak sortzeko, analogikoa itzaliko den egunean. “Aukera horiek ongi aztertu eta erabakiko dugu gure estrategia. Anartean, finkatu nahi dugu "zabalpen partaidetza" bat TVPI katearekin, CSAren ikuspegitik (Ikus-Entzunezkoen Kontseilu Gorena, frantsesezko sigletan) hori baita tokiko kate ofizial bakarra. Frantzian 2011. urtearen bukaeran itzaliko da analogikoa. Beraz, aukerak aztertzeko denbora hartu eta 2013. urterako zerbait aurreikusten ahal genuke” dio Ximun Carrerek. Aldaketa garai honetan erantzun baino galdera gehiago ditu Kanaldudek. Baina, zernahi gerta ere, ardatz nagusi batzuk jarraiki nahi ditu. “Hiru gauza nagusi kontuan hartu behar dira. Lehenik, euskararen lekua handitzea gure ekoizpenetan, jakinda euskararen jakitatea gizartean kontuan hartzen dugula. Horrek erran nahi du frantsesa ere badela, baina momentuz euskarazko azpitituluak sartzen ditugu. Bigarrenik, hurbiltasuna atxiki nahi dugu jendeekin, eta horretarako ekoizpen faseetan denbora hartu behar da. Horregatik ez gara eguneroko informazio emanaldi baten alde. Azkenik, ahal ekonomikoak: gaur egun, astero bi ordu ekoizteko ez dugu geure aurrekontua betetzen. Erran nahi du, gehiago ekoiztu behar bada, anitz diru gehiago lortu behar dela... Nondik? Ez dugu biderik ikusten, oraingoz. Bestalde, ETBren kasua hurbiletik aztertua da, eta ez da erran ez dutela aterabide bat lortuko” azaltzen du Ximun Carrerek. Nondik norakoak Kanaldude TB katea Aldudarrak Bideo elkarteak sortu zuen 2000. urtean. Gazte enpleguei esker bi lanpostu sortu zituzten. Elkarteak garapen ekonomiko plan orekatu bat ezarri zuen eta 2002-2003an, zazpi langile zituen, beti kontratu lagunduei esker. Aldudarrak Bideo elkarteari dagokionez, bi hitz erran behar dira. 80ko hamarkadan sortu zen. Aldudeko Aldudarrak kultur elkarteko lehendakariak herriko biziarekin lotuak ziren gertakariak filmatu zituen, eta grabaketen kopia bana eskaini zien herritarrei. 1992an, Aldudeko lautadako laborariek bideo hura hautatu zuten komunikazio tresna gisa, Baionako suprefetari mendiko laborantzaren berezitasunak aurkezteko, bertara bisitan etorri zenean. Hain komunikazio tresna modernoa bertan atzemanik, suprefeta harritu egin zen, eta elkarteari proposatu zion bideo proiektu bat sortzea eta garatzea. Hilabete batzuk geroago elkarteak 500.000 liberakokazeta formatuan ekoiztea erabaki zuen, Frantziako Limousin eskualdean, joan den hamar urteetan ari den Télémillevaches bideo elkartearen moldea eredutzat harturik. Bideo-kazeta ekoizteak lehen aldiz batuko zituen elkarteko teknikariak eta kultur eta ekonomia eragileak. Pixkanaka taldea handituz joan zen eta laguntzaile berriak sartu ziren. 1999tik aitzina, elkarteak bideo-kazeten, DVDen edo filmen ekoizpena garatzen du, eta horrela sortu zen Kanaldude. Toki TB parte-hartzailea Aldudarrak Bideo-k Arrosan (Nafarroa Beherea) du egoitza gaur egun. Urtez urte, lanaren poderioz, ikus-entzunezko eragile garrantzitsua bilakatu da Ipar Euskal Herriko barnealdean. Zerbitzu profesionala atxikitzeaz gain, Aldudarrak Bideo-k tokiko telebista parte-hartzailearen kontzeptua garatu du. Hori jendearen inplikazioan oinarritua da. Elkartearen helburuak hauek dira: batetik, ikus-entzunezko dokumentuak ekoiztuz, irudi iturri bat sortzea, horiek baitira Euskal Herriko bizitzaren eta egunerokotasunaren lekukoak. Bestetik, hurbileko bideo-sorkuntza zentro bat izatea, EHko eragile sozio-ekonomikoen zerbitzuan. Azkenik, komunikazio molde berrien hedapena eta garapena sustatzea. Gastuei dagokienez, 2007az geroztik, Euskararen Erakunde Publikoak hurbiletik segitzen ditu Aldudarrak Bideo elkartearen lanak, eta Eusko Jaurlaritzarekin batera, diruz sustengatzen dute elkartea. Tokiko eragile ekonomiko, sozial eta kulturalei proposatutako zerbitzuei esker, elkarteak autofinantzaketa garrantzitsua segurtatzen du. Horri esker, Ipar Euskal Herriko barnealdean telebista bat sortzeko proiektua aitzina eraman dezake. Telebista informazio iturri garrantzitsuena den garai honetan, Kanaldudek herritarrei bere lurraldeko hurbileko informazioa emateko baliatu nahi du. Izan ere, teknika berriei esker, biztanleak aktore izan daitezke, parte har dezakete. Parte-hartzailea izanki, tokiko eragile bihurtzen da eta lurraldearen bizitasun mailari eusten dio. Baina, zer da, hain zuzen, “parte-hartzailea” izatea? “Ez da bakarrik ‘presente izatea’, baizik eta ‘elkarrekin aritzea eta elkarrekin eraikitzea’. Prozedura aktibo bat da, denei irekia, koprodukzio kolektiboan eta proiektuaren dinamikan oinarritua dena”, diote arduradunek. |






