| Folk doinuekin dantzan, Nafarroa berreraikitzen |
|
|
|
| Erreportajeak - Erreportajeak |
| Asteartea, 2010(e)ko martxoa(r)en 02-(e)an 10:33etan |
|
Euskal Folk Erradikala. Hiru hitz hauek biltzen dute Bizardunak taldearen arima. Iruñerriko gazte koadrila honek orain dela urtebete eskas zeharkatu zituen Euskal Herriko musikagintzako ateak, euskarazko kulturara haize berriak ekartzeko xedearekin. Eta harrera ezin hobea izan dute. Irlandar kulturaz argituak dauden letrak kantatuz, sortutako abestien bitartez arbasoen ideiak defendatzen dituzte, “botila beteta dagoen bitartean”. Arkaitz Almortza. Bederatzi bizar, mezu bakar bat: gu garena gara gure Nafarroan, berpiztuko da arima Euskal Herri osoan. Musikak duen indarraren laguntzaz, duela 500 urte hamaika zatitan suntsituta geratu zen Nafarroako Estatuaren puzzleko zatiak banan-banan elkartzen doaz, garagardo fresko baten itzalean. Horiek horrela, esan daiteke Bizardunak taldea Irlandako eta Euskal Herriko kulturen artean bizi izandako maitasun istorio baten ondorioz sortu zela. Izan ere, taldearen lehenengo diskoa osatzen duten bederatzi abestietan The Pogues eta The Dubliners talde irlandarren itzala nabari da: tabernako parlamentuan aberriaren egoeraz eztabaidatzen duten musikariak. Era honetan, Iruñerriko gazte koadrila honek musika estilo berria ekarri du euskarazko kulturara: Euskal Folk Erradikala, edo taldekideek dioten bezala, Nafar rebel music estiloa.Folk doinuekin dantzan egiten duten bederatzi abestiek nafartasuna aldarrikatzen dute soinean janzten dituzten hitzetan; azken urte hauetan zenbait politiko estaltzen saiatu diren Nafarroa euskaldunaren eta independentearen arima berpizten dute. Ideia horrek bultzatuta, abentura berri honetan barrena nabigatzen hasi ziren. Horrela, sortu zuten lehenengo abestiak (Nafarroa, gure aberria), Wild rover irlandar kantuarekin egindako moldaketak, euskal musikagintzako ateak zabaldu zizkien. Ondoren, pixkanaka-pixkanaka beren Estatutua osatzen duten gainerako kantuak moldatuz eta sortuz joan ziren: osotara, Irlandako bost abesti tradizionalen moldaketak eta beraiek idatzitako beste lau kantu biltzen ditu Bizardunak taldearen lehen diskoak (Brian´s Records argitaletxea, 2009). Nafarroa, parranda eta 'folk and rolla' Hitzak dira Eneko Paezek, Itzalak, Anderetek, Iñigo Cabezafuegok, Artolak, Jose Marik, Txetxuk, Fermin Auskalok eta Xabier Lekunberrik beren borrokan erabiltzen dituzten arma bakarrak, beti ere garagardo botila beterik dagoen bitartean. Abestiek gizartearen eta, batez ere, Euskal Herrian bizi dugun politikaren kritika zorrotza egiten dute. Ez dute inolako beldurrik pentsatzen dutena esateko. Askatasunean sinesten dute, eta askatasun osoz kantatzen diote arbasoen aberriari, baita bidean atzean geratu diren lagunei ere: “Baditut bongiak eta kriston kojoiak, ez didazue kenduko maite dudan guztia. Defendatuko dut nire arbasoen ideia, botila beteta dagoen bitartean” (Nazi de Fresa abestitik ateratako esaldia). Beharbada, esaldi hau biltzen duen abestia izan daiteke Bizardunak taldearen filosofia hobekien islatzen duen kantua. Letrak egurra banatzea du xede, eta helburua lortzen du. Iruñerriko gazte hauek abestietan lantzen dituzten ideiak hobeto ulertzeko, hona hemen Nazi de Fresa kantuan entzun daitekeen paragrafo esanguratsuetako bat: “Ohean etzanda lo ezinean, gotelea zenbatzen eta orain komeriak. Amets gaiztoz inguraturik izerdi patsetan, nahiz (e)ta begiak ireki beti hortxe daukat. Nafar judas batek, irrifartsu (e)ta trebe Gernikako Estatutu astazakila sinatzen. Mondrangon cooperativa “el cuarto Reich” finantzatzen, Xabier Perez de Euskitze jotak kantatzen”. Irakur daitekeen bezala, euskal gizartearen arlo guztiak aztertzen dituzte. Baina kritikak ez dira bakarrik abesti honetara mugatzen, Euskal Herriko oreoak kantuak ere “katedrala bezain handia den egia” biltzen du. Izan ere, abesti honetan azaletik euskaldun itxura duen jendeaz mintzo dira taldekideak; “kanpotik euskaldun petoak eta barrutik espainiar hutsak direnak” kritikatzen dituzte, hau da, “zezen-plazara askaria jatera joaten diren zezenketen aurkako lagunak”, beste askoren artean. Eta hori guztia “musikarekiko gustu ezin hobea duten langile-marxista nafarren” ahotsek kantatzen dute; folk doinuak, dantzan eta festa giroan, alegia. Gainera, honekin guztiarekin batera, beren Estatutuko orrialdeak osatzen dituzten kantuak sortu eta hilabete batzuetara, Kaki Arkarazo musikagilearekin hiru lanez osatutako proiektua ekoiztu zuten. Argitaratu duten lehenengo diskoan entzun daitezkeen abesti gehienak euskaraz sortu dituzte, edo hobeto esanda, lingua navarrorum-en idatzi dituzte. Filosofia zabaltzen Euskal Herriko musikagintzaren soroan haziak landatzen egon eta gero, uzta jasotzen ari dira hilabete hauetan zehar; eta oparoa izaten ari da. Rock gogorra landu duten hainbat taldetako kideak (Mermaid, Black Lagun, Basque Country Pharaons, Jugos Lixiviados) biltzen dituen Bizardunak taldeak festa handia bihurtzen du eskaintzen duen zuzeneko bakoitza. Atarrabiako Etxe Beltza elkartean eta Burlatako Euskal Herria Peñan emandako lehen kontzertuen ondoren, garai batean Nafarroako Estatua osatzen zuten herrialdeetan zehar dabiltza emanaldiak eskaintzen. Eta jendearen harrera ezin hobea izaten ari da. Gospel meza baten antzera, herritarrek folk doinuekin dantza egiten dute, lagun koadrila honen Bibliako pasarteak abestearekin batera. Eskaintzen duten zuzeneko bakoitza aberriaren aldeko aldarrikapenez eta alkoholez osatutako festa “izugarria” bihurtzen da. Oraingoz, taldea osatzen duten bederatzi lagunen ahotsak Euskal Herrian entzun dira bakarrik. Baina datorren hilabetean, apirilaren 2an, gurasoen etxera bidaiatuko dute, Irlandara joango baitira. Uhartean, euskal eta irlandar kulturen arteko nahasketatik sortutako proiektua aurkeztuko diete rebel music estiloaren sortzaileei, Belfast hirian. Bitartean, bidaia honen nondik norakoak antolatzearekin batera, Iruñerriko gazte bizardunek bigarren diskoa osatzen dihardute buru-belarri. Aurkeztuko duten lanik garrantzitsuena izango da. Proiektu berri honetan ez dituzte inoren kantuak erabiliko, beraiek idatzitako abestiak izango baitira entzungai. Horiek horrela, datorren udako festetan euskararen herriak folk doinuez egingo du dantza, botila hutsik ez dagoen bitartean.
Bizardunak taldearen zuzeneko bat ikusi nahi baduzu, hona hemen datozen hilabeteetan eskainiko dituzten kontzertuak: |







