|

AEK XIII. mintegiaren atarian aurkitzen da, bere historiako hirugarren plan estrategikoa abian jartzeko puntuan. Martxoaren 27an burutuko du batzarra Gasteizko Europa Jauregian, eta bertan zehaztuko ditu hurrengo lau urteetarako helburu estrategikoak. Dena den, AEKideak aspalditik dabiltza hausnarketa horretan murgilduta; beraz, hilaren 27ko ekitaldia prozesu baten amaiera izango da; baina, aldi berean, hasiera emango dio epealdi estrategiko (2010-2014) berri bati. Urruti geratzen da Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak AEK moduan egin zuen lehen mintegi hura, 1979ko azaroan hain zuzen ere. Hogeita hamar urte baino gehiago bete ditu AEK-k Euskal Herri osoko helduak euskalduntzen eta alfabetatzen, beti ere helburu argi batekin: Euskal Herria euskalduntzea. M. Egimendi.
Mintegirako hilabete eskas geratzen denean AEKren koordinatzaile nagusi Mertxe Mugikak orain arteko bi epealdi estrategikoei buruzko balantze orokorra egin du eta baikor azaldu da: “Prozesu erabat dinamikoa burutu dugu orain arte. Une honetan AEKren xedea, ikuspegia eta balioak zein egungo diagnostikoa biltzen dituen dokumentuak ekarpen asko jaso ditu. Horrez gain, hainbat kontraste talde egin dira, parte-hartze handiarekin. Hemendik eta martxoaren 27ra helburu estrategikoak lantzen arituko gara, eta horretan ere zalantza barik esan dezakegu parte-hartze handia egongo dela”. Balantzea positiboa izanik, hurrengo urteetan jarri behar da orain arreta, datozen erronka nagusietan. AEKrenak zein diren galdetuta, sei helburu estrategiko nagusi azpimarratu ditu Mugikak hurrenez hurren: “Hizkuntzaren sustapen, erabilera eta normalizazio ataletan bultzada ematea; helduen euskalduntze alfabetatzearen egoera normalizatu eta egonkortzea; AEKren egitura eraginkorragoa diseinatu eta praktikan jartzea; AEKideon lan baldintzak egokitzea; profesionaltasunean aurrerapauso gehiago ematea; eta AEKren jarduera osoan kalitatearen kultura txertatzea. Gure erronka nagusia Euskal Herria euskalduntzea da, eta aipatutakoak dira helburu horretara heltzeko markatu ditugun tarteko xedeak”. Mugika itxaropentsu dago AEKren XIII. mintegiaren aurrean: “Ziur gaude martxoaren 27an onartuko dugun azken dokumentuak hurrengo lau urteetako norabideak markatuko dituela, eta Euskal Herria euskalduntzeko bidean beste aurrerapauso bat emango dugula. Hori lortzeko ezinbestekoak izan dira ikasturte honetan abian izan ditugun hausnarketa estrategikoak; benetan,eskertzekoa da AEKideen parte-hartzea”. AEKide horiek, Europa Jauregian burutuko den batzarrean ez ezik, ondoren ospatuko den jaian ere izango dute parte hartzeko aukera. Izan ere, mintegia bukatu ostean, Gari abeslariak Gasteizko Jimmy Jazz aretoan eskainiko duen kontzertura joango dira, egindako lanari bukaera ona ematera. Gogoratzen? Egunotan memoria astintzen dabiltza AEKide asko eta asko. Batzuek denbora gutxi daramate AEKn, baina beste batzuek gazteenei harrigarriak iruditzen zaizkien istorioak kontatzen dituzte. Gauza asko gertatu dira 30 urtean, une gozoak eta latzak, milaka lagun euskaldundu dira AEKren euskaltegietan, hamasei Korrika jendetsu burutu dira... Ezinezkoa da orrialde honetan dena gogoratzea eta jasotzea; beraz, data esanguratsu batzuk baino ez ditugu eskainiko, AEKren 30 urteko historiaren zipriztinak.
1965: Lehenengo alfabetatze taldeak sortu ziren Euskaltzaindiaren eskutik. 1976: AEK izena sortu zen hainbat ikasguk koordinatzea erabaki zutenean, eta Euskaltzaindiaren babesean hasi ziren lanean. 1979: AEK-k bere lehen mintegia egin zuen. 1980: Lehen Korrika egin zen, eta Ipar Euskal Herriko AEK sortu zen ofizialki. 1981: AEK Euskaltzainditik kanpo geratu zen, eta Eusko Jaurlaritzak HABE sortu zuen. AEK erakundetze prozesua aztertzen hasi zen, koordinakunde izaera gainditzeko asmoz. 1983: Eusko Legebiltzarrak HABESEA legea onartu zuen, eta urte luzez iraun zuen horren ondorioz Eusko Jaurlaritzaren eta AEKren artean sortutako gatazkak. Aizu! aldizkaria AEKn sartu zen. 1985: AEK-k koordinakundetik erakunderako pausoa ematea erabaki zuen Aiegin egindako mintegian. 1986: Nafarroako Legebiltzarrak Euskararen Legea atera zuen. 1993: Lehen aldiz antolatu zen Korrika Kulturala, Korrika 8ren barruan. 1995: AEK-k hitzarmena sinatu zuen HABErekin. Horrek AEKri ezagutza ofiziala ekarri zion, legezko izaera HABEren aurrean. 2000: Garzon epaileak AEK-ko hemeretzi laguni talde armatuko kide edo laguntzaile izatea leporatu zien, iruzur fiskalarekin batera. 2001: Garzon epaileak inputatukoek ETArekin zerikusirik ez zutela ebatzi6 zuen, baina zigor ekonomiko handia ezarri zion AEKri. 2002: AEK-k Euskaraz Kooperatiba Elkartea sortu zuen. 2010: AEK-k 2010-2014 epealdirako plan estrategikoa jarriko du martxan Gasteizko mintegian. |