|

Martxoaren 7an, Emakumeen Nazioarteko Egunaren bezperan, burutuko da aurtengo Lilatoia, 1990. urtetik Donostian egiten den emakumeen lasterketa herrikoia. Sorreratik etengabe hazi da kirola eta aldarrikapena uztartzen dituen lasterketa hau, eta urteotako lanak Emakunderen 2009ko Berdintasun Saria ere balio izan dio. Eñaut Mitxelena. Argazkiak: Argazkipress.
“Nora zoaz horrela korrika? Hobe etxean geratzen bazara!”; “Aizu, a zer ipurdi handia daukazun! Zertarako egiten duzu lasterka?”... Halako eta antzeko kirtenkeriak makina bat aldiz entzun izan dituzte emakumeek kirola egiterakoan. Ondo gogoratzen dituzte 1990 urrun hartan lehen aldiz Lilatoia antolatu zuten emakumeek. “Horiek ohikoak ziren lehen. Lilatoia sortu aurretik, kirola egiten zuten neskek, kalean zein taldeetan, astakeria asko entzun behar izaten zituzten. Urte horietan emakume gutxik egiten zuten kirola, zeren gu hezi gintuzten familia hezteko eta etxean ibiltzeko, etxeko lanak egiten eta amari laguntzen. Eta kirola egiten zutenek astakeria horiek guztiak aditu behar izaten zituzten, ez zituztelako errespetatzen”, azaldu digu lasterketa antolatzen duen Lilatoi Taldeko kide Arantxa Gurmendik. Emakumearen eskubideak hutsaren hurrengoa ziren gizarte antolaketa mota batetik irten berritan, berdintasunaren zantzu gutxi sumatzen ziren orduan. Testuinguru hartan antolatu zuen Donostiako Koordinadora Feministak lehenengoz Lilatoia. Martxoaren 8an manifestazioa antolatzen zuen urtero Koordinadorak, baina urte hartan ohiko manifestazioaren ordez “beste zerbait” egitea erabaki zuten. Koordinadorako kide batek, Nati Rufok, Irlandan ezagututako emakumeen lasterketa jendetsu bat aipatu zuen, eta hortik atera zen ideia. Emakumeen artean kirol zaletasuna sustatzea, emakumeak kirola egitera animatzea eta gizonezkoen eta emakumezkoen sarien berdintasuna bultzatzea izango zuen helburu lasterketak, beti ere berdintasunaren aldeko aldarriaren baitan. Halaxe sortu zen Lilatoia. Helburuetan argi, formetan ez hainbeste. Izan ere, Bragaton izena ere izan zuten esku artean, baina gordinegia izango zelakoan, emakumeen eskubideen aldeko aldarriaren kolorea, lila, hartu zuten oinarri. Izena leunagoa izanagatik, ordea, izana ez zen gozoagoa: “Orduan, guretzat lasterketa bat antolatzea korrontearen aurka egotea zen, erabat”. Etengabeko hazkundea “Lasterketa sortzea kasualitatea izan zen ia-ia. Baina geroztik normalizatutako karrera bihurtu da, emakumeen eta berdintasunaren aldeko borroka puntu hori edukitzen jarraitzen duena”, diosku Gurmendik. “Badaramatza zenbait urte jendeak lasterketa gisa ikusten duela. Nahiz eta atzean espiritu bera eduki, jada kirol ekintza moduan ikusten da. Eta hori guretzat pozgarria izan da, horretara iritsi nahi baikenuen”. Lehen urteko saioarekin gustura, aurrera jarraitzea erabaki zuten antolatzaileek. Hala sortu zen Lilatoi Taldea, urtero-urtero lasterketa antolatzeaz arduratzen dena. 1990etik asko hazi da Lilatoia, bai parte-hartzean, bai lasterketa antolatzeko baliabideetan, bai gizartean eta hedabideetan lorturiko oihartzun eta babesean. Lehen edizioan, esaterako, 135 lasterkari inguruk hartu zuten parte; iazko ekitaldian, aldiz, 1.264k. Donostiako Udalak hasieratik lagundu du Lilatoia, baina erakunde eta babesleen laguntzak ere gora egin du urteen poderioz. Horrek, eta partaidetzaren igoerak, baliabideen hobekuntza ere ekarri du. “Lasterketa handitu den heinean, berrikuntzak sartu behar izan ditugu lasterketa egin ahal izateko”. Hala, gaur egun, ohikoa denez, Internet bidez eman daiteke izena, eta gainontzeko lasterketetan gertatzen den moduan, txip bidez neurtzen dituzte lasterkarien denborak. Hasieran banatzen zituzten kotoizko kamiseta “merkeak” ere kamiseta teknikoek ordeztu dituzte, parte-hartzaileek hala eskatzen baitute. Taldeak sortzen Lasterketa handitu da, eta, antolatzaileen ahaleginari esker, hazi ere bai. Iaz, esaterako, Donosti Roller elkarteko irristalariek ere parte hartu zuten LilaRoller izena hartu duen proban, eta aurten segida izango du. Era berean, taldeak sortzeko ahalegin berezia egin dute azken urteotan Lilatoi Taldekoek, korrikalariak erosoago sentiarazteko xedearekin. “Koadrilan etortzen zirenek berez jai giroa izaten zutela eta ondo pasatzen zutela konturatu ginen. Baina, bestalde, beste asko eta asko banaka etortzen ziren”, dio Gurmendik. Hala, banaka etortzen zirenak taldeetan batzen saiatu dira azkenaldian, korrikalariek urtean zehar elkarren artean harremana izan dezaten, bai taldean entrenatzeko, baita laguntasuna sortzeko ere. Taldeak eratzeko kontsignak eman dituzte azken urteetan, baita talde gisa parte hartzeko aukera zabaldu ere, besteak beste, taldeentzako sariak banatzen direlako. Asmo horiek pixkanaka gauzatu dira, eta egun taldeak sortu dira hainbat herritan, urtean zehar Lilatoiari begira lan egiten dutenak. “Emakumeak konturatu dira oso ondo pasatzen dutela taldean, eta horrela joan dira osatzen. Batzuetan gimnasio baten inguruan, beste batzuetan udalek bultzatuta, beste batzuetan lagun talde bat bildu delako...”. Azpeitian, adibidez, Udalak berak bultzatu du egitasmoa, eta, horrela, kirol teknikari baten laguntza jasotzen duen taldea sortu da. Korrika egiten ikasteko laguntza eta aholkuak ematen dizkie teknikariak taldeko kideei. 21 urteren ondoren gizartean eta kirol munduan guztiz errotu da Lilatoia. Ahalegin horrek aspaldi jaso zituen gizartearen babesa eta onespena, parte hartzeak erakusten duenez. Baina erakundeen aldetik ere iritsi zaie aintzatespena: 2009ko Berdintasun Saria eman dio Emakundek Lilatoi Taldeari, Lilatoiak kirol munduan oraindik ere bizi den “generoaren etena” gainditzeko egindako lanarengatik. Eten horren aurka egingo dute berriro ere Lilatoian parte hartzen duten guztiek, korrikalariek zein kale bazterretan txaloka batzen diren ikusle guztiek. Martxoaren 7an izango da hitzordua, 21. Lilatoian.
21. Lilatoia -5 kilometroko ibilbidea Donostiako hirigunean, Alderdi Ederretik abiatuta -Hiru maila: beteranoak, seniorrak eta juniorrak -Izena emateko kuota: 10 euro -Izena emateko epea martxoaren 4an amaitzen da -Informazio gehiago www.lilaton.com web-gunean edota
Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu
helbidean |