|

Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970) aspalditik da ezaguna euskal literaturan, baina pasa den udazkenean Espainiako Narratiba Sari Nazionala irabazi zuenetik askoz ere ate gehiago ireki zaizkio. Zorte handia da hori berarentzat, ez baita leku itxien zale, nahiz eta 1995ean zazpi hilabete, eta geroago beste bat, igaro behar izan zuen Basauriko kartzelan intsumiso izateagatik. Literaturak eman zion orduan ere ihesalditxo bat egiteko aukera, literaturari esker irabazitako lehen sari handia (Arabako Foru Aldundiaren Becerro de Bengoa saiakera saria) jasotzeko irteten utzi zioten-eta. Haur eta gazte literatura, zutabeak komunikabideetan eta, batez ere, poesia idatzi ditu, hizkuntza askotara itzulia dituzte bere lanak, eta hainbat ikuskizun muntatu ditu beste artista batzuekin elkartuta eta poesia, musika, bideoak eta ilustrazioak nahastuta (Bar Puerto; Txikiegia, zaharregia agian; eta Internet Kafe). Bere lehen nobelak (Bilbao-New York-Bilbao) Narratiba Saria irabazi du. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.
Ez zara idazle hasiberria, baina lehen nobelarekin hain sari garrantzitsua irabaztea ez al da zorte handiegia? Zortetik asko dago, bizitzan gauza asko zorteagatik suertatzen dira, hori ez dago ukatzerik. Zorte puntu bat beti behar da. Beste nobela bat egon izan balitz, ikaragarria, eta epaimahaikoak berarekin maitemindu izan balira, berari emango zioten… Baina lana da batez ere, lehenengo liburua 2001ean atera nuen eta bigarren hau 2008an, badaramatzat ia hamar urte literaturaren mundu honetan, eta lan hori nabaritu egiten da. Urtetako lana dago nobela horren atzean. Zure obrak oso landuak dira, ezta? Bai, Borgesi irakurri nion behin aitak aholku bat eman ziola bizitzan, eta esan omen zion ez argitaratzeko ezer gazteegia zen bitartean. Nik bide hori jarraitu dut pixka bat. Argitaratu nuen lehen liburua, Bitartean heldu eskutik poema bilduma, asko landu nuen, eta ibilbidea egin du, itzulia izan da... Nobela ere oso astiro egin dut. Lanak astiro sortzea gustatzen zait, lehendabizi nire barruan, eta gero argitaratu. Oso zaila da lan on bat azkar egitea, nik oraindik ez daukat eskua hain garatua azkar eta ondo idazteko. Mantsotasuna behar dut. Poesiaren bidetik abiatu zinen literaturan, abestietarako letrak idazten… Niri poesiak bizitza aldatu dit, poesia da nire kuttuna. Ez dut sekula ahaztuko poesiari esker gertatu zaidana. Oso gazte hasi nintzen poemak idatzi eta rock taldeei ematen, gero Bar Puerto ikuskizuna egin genuen, gero Bitartean heldu eskutik atera zen, gero Ameriketara joan ginen Txikiegia, zaharregia agian ikuskizunarekin… Esker onekoa naiz, eta sekula ez dut ahaztuko poesiak eman didana. Bitartean heldu eskutik poema liburuak Espainiako kritikaren saria irabazi zuen 2002an. Zure poeta lanaren baieztapena izan zen? Betidanik denetarik egin nahi izan dut, ez dut neure burua soilik poetatzat ikusten, idazletzat baizik, baina poesiarekin hasi nintzen. Poesia genero zaila da, baina laburra, eta horrexegatik hasten da gazte asko poesiarekin, laburra delako. Baina nobela bat idazteko arnas luzea behar da, indarra, barruan diskurtso bat edukitzea… Ez da erraza gaztetan nobela on bat idaztea, baina gaztetan idatzitako poema liburu onak badaude. Handik bost urtera argitaratu zuen liburu hori Elizabeth Macklin poeta estatubatuarrak, ingelesera itzulita. Euskara ikastera etorri zenean ezagutu zenuen eta berak ireki zizkizun New Yorkeko ateak. Ala bestela ere bazenuen harako gogoa? Betidanik izan dut, New York guretzat txikitatik izan da erreferente bat. Gure familian anaiek Lou Reed entzuten zuten, txikitatik ezagutu dut Andy Warholen mundua… betidanik erakarri izan nau hiriak. Baina bizitzako beste zorioneko kasualitate bat izan zen Elizabeth ezagutzea, eta berak eskaini zidan aukera. AEBetan gertatutakoa niretzat oso polita izan zen, irakurketak egiten hasi, poema batzuk pixkanaka hango aldizkarietan argitaratu eta azkenik poema liburu osoa ateratzea. Oso modu naturalean gertatu zen dena, batere ez modu komertzialean. Nobelaren ingelesezko bertsioa 2011n argitaratuko omen da. Macklinek egingo du? Bai, bera dabil horretan. Elizabethek egingo du, ahal badu behintzat. Nik berak egitea nahiko nuke, horretarako denbora ateratzea lortzen badu. Izan ere, oso ondo moldatu gara orain arte, talde lanean aritu gara, oso ondo ezagutzen nau, ez da itzultzaile hotz bat. Nik uste dut oso lan ona egingo lukeela liburua itzultzen. Askotan joaten zara New Yorkera, horrenbeste gustatzen zaizu? Bai, Ondarroan jaiotzeak badu horretan eragina. Ondarroa oso herri urbanoa da, eta ni jaio nintzen garaian sartu zen pop kultura, batez ere Ameriketatik zetorrena. Horrek txikitatik markatu nau, txikitatik ikusi ditut diskoak eta gitarra elektrikoak. Herri batean jaio arren, oso gertu egon naiz subkultura horretatik, underground kulturatik. Betidanik izan dut, eta nire lagunek ere bai, New Yorkekiko gogo eta lotura hori. Gainera, arrantzale herri batean jaio denaren patua ateratzea da, itsasoa zeharkatzea. Batik bat Mikel Urdangarinekin, baina baita beste artista batzuekin ere, sortu dituzu hainbat ikuskizun jendaurrean eskaintzeko, poesia, musika, bideoa, ilustrazioak… batuta. Zer eskaintzen dizu arte mota ezberdin horiek lantzeak? Poesia liburuetan babestuegia zegoela ikusten nuen, eta bere ohiko bideetatik atera nahi nuen, musikarekin eta bideoarekin, Mikel Valverderen marrazkiekin elkarrizketan jarri… Nik uste dut gaur eguneko literaturan mugak errazago apurtzen direla, eta horrek irakurleengana iristeko modu zuzenagoa sortzen duela. Zuzenago iristen da poema musikarekin edo beste diziplina batzuekin egindako ikuskizun horietan. Berez poesia ez da jendeak errazen kontsumitzen duen literatur generoa. Hurbilketa modu bat dira, hortaz, egitasmo horiek? Bai, nik poesia ikuskizun horietan hirurogei urteko emakume eta gizonezkoak ikusten ditut, eta oso polita da, ziur aski jende horrek poema liburu bat sekula irakurriko ez duelako, baina gustatu egiten zaio poemak entzutea. Hori bertsoekin ere gertatzen da, bertsoak irakurtzea baino, entzutea gustatzen zaigu gehiago. Eta amua, gero poemak irakurri eta hausnarketa eragiteko… Bai, hori da. Hortik batzuk poemak irakurtzera joango dira, eta beste batzuk, ez. Baina hori bakoitzaren aukera da. Irakurlea hausnarketara bultzatzeko helburua duzu idazten ari zarenean? Bai, nik poemak hausnarketarako bide izatea nahi dut, jendeak bere bizitzan erabiltzea. Ez dut edertasunaren bila joan nahi, nire poemak pentsarazteko dira, jendeak bere burua poeman aurkitzeko, nire kezkak azaltzeko… Baina ikuskizun batetik ere jendea pentsatzen joaten da etxera, eta jende asko hurbildu zait esatera antzeko esperientziak bizi izan dituela. Lehendakariak berak ere erabili zuen zure poema bat… Bai, kar, kar, kar… Hori, dena dela, anekdota bat izan zen. Azken finean, liburu bat kaleratzen denean, poemak jada irakurleenak dira. Dena den, idaztean ez dut irakurleengan pentsatzen, baina bai gizartean. Konpromisoa dut gizartearekin, gizartea hobea izatea nahi dut. Gure gizarteari axola zaizkion gaiez idazten saiatzen naiz, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko harremanak, gizarte hau nola ari den aldatzen… Baina ez dira nire kontuak, nik neure amari buruz hitz egin dezaket, baina irakurleak bere ama ikusten du. Poesiatik nobelarako jauzia egiterakoan lehen pertsonan idaztea aukeratu duzu, ezagutzen dituzun kontuak eta zeure familia oinarri hartuta. Jauzi hori errazago egiteko modu bat izan da? Hasieran behin eta berriz horma baten kontra jotzen nuen, banekien fikziozko pertsonaiak asmatuta ez nuela neure burua asebeteko. Fikzioa asmatzen hasi eta “hau gezurra da!” pentsatzen nuen. Eta orduan neure buruari benetako pertsonaiez idaztea proposatu nion, benetan bizi izan ziren pertsonez. Baina horiei buruz hitz egiteko, neuk ere agertu behar nuen bertan. Autofikzioak nik nahi nuen erako nobela idaztea ahalbidetzen zidan. Eta hori aukeratu nuen, oso kritikoa naizelako fikzio hutsarekin, eta benetako errealitateaz eta pertsonez hitz egin nahi nuelako. Zaila egiten zitzaidan hain gertukoa zaidan itsasoko munduari buruz hitz egitea fikziozko pertsonaien bidez, eta ez nuen topikoetan erori nahi. Oso bitxia izango da bertan agertzen den jendearentzat edo haien ondorengoentzat, ezta? Bai, baina gehienek eskertu egin dute, jende anonimoa delako, eta polita iruditu zaiolako aitona edo beste norbait hor ikustea. Azken finean, omenaldi bat da, arrantzaleei, haien emakumeei, Bastida arkitektoari, Arteta margolariari… badaude omenalditxo batzuk. Familia horietako jendea pozik agertu da, nahiz eta batzuetan gauza batzuk asmatu egin ditudala aurpegiratu. Baina nobelak fikzio pixka bat ere behar du, janariak gatza behar duen moduan. Hil honetan argitaratuko da Bilbao-New York-Bilbao galegoz, katalanez eta gazteleraz. Ana Arregik itzuliko du gaztelerara. Zergatik ez zuk zeuk? Liburua bukatu eta handik gutxira itzultzen hasi behar zen. Baina neure burua nekatuegi ikusten nuen, bost urte horrekin ibili eta gero, berriro gaztelaniaz idazten hasteko. Horretarako nobelarekin maiteminduta zegoen pertsona bat behar nuela erabaki nuen, energia baikorrez itzuliko zuena, eta Anarekin lortu dut hori. Azkenean egokitzapen batzuk egin ditut eta gauzatxo batzuk aldatu ditugu, baina gehien-gehiena bere horretan geratu da. Orain liburua promozionatzea tokatzen zaizu: bidaiak, hitzaldiak, jardunaldiak… Ez dizu horrek idazten jarraitzeko beta kenduko? Bai, baina lanaren beste zati bat da. Arrantzaleak arraina harrapatzen du, baina gero portura iritsi eta lonjan saltzen du, eta hori ere lana da. Agian lanaren zatirik itsusiena izango da, baina hori ere egiten du. Eta neuk ere egin behar dut. Idazleak beti idazten egon nahi du, baina idazten egon ahal izateko hau ere egin behar da. Beraz, denbora epe batean ez dut idatziko, baina gero bai. Eta zer da argitaratu nahi duzun hurrengo lana? Buff! Poema asko ditut idatziak eta agian poema liburua izan liteke. Eta badut buruan beste nobela bat egiteko asmoa ere…, baina pixkanaka-pixkanaka joango naiz. Ondo erabaki behar dut zer motatako nobela egin nahi dudan, zer kontatu nahi dudan… eta ondo erabaki arte ez naiz buru-belarri sartuko. Lehendabizi nondik jo pentsatu behar dut, ez baitut errepikatu nahi. Hurrengo nobela aurrerako beste jauzi bat izatea nahi dut, beraz, itxaron egingo dut. Ez naiz batere presa zalea. Gainera, orain arteko bi liburuek itzal handia izan dute eta… Horrek maila ona ematera behartuko zaitu… Bai, baina ez dit beldurrik ematen, oso lasai nago. Sariak lasaitasun handia eman dit, eta liburu hau nola saldu eta irakurri den ikusita… Hurrengoa ere aterako da! Ez diot neure buruari presiorik jarri nahi, okerragoa edo hobea izango da, baina ni ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz, eta kito.
KOLKOTIK
Athletic zalea zara, baina jokalari bat? Zaila da… Muniain. Definitu Mikel Urdangarin bi hitzetan: Batean, laguna. Eta Elizabeth Macklin? Aingeru guardakoa. Zer albiste irakurri nahiko zenuke biharko egunkarian? Euskal Herriko gatazka konpondu dela. Zerk inspiratzen zaitu? Jendeak. Literatura edo musikarekin zerikusirik ez duen zaletasun bat? Bidaiatzea. Pertsona alaia dirudizu, zerk ezabatzen dizu irribarrea? Gauza askok, ez pentsa… Azpijokoak. Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean? Gaztetxo bat, kar, kar, kar! Bizitzeko leku bat? Ondarroa. Zerk lotsatzen zaitu? Neure buruak, oso lotsatia naiz, betidanik. |