|

Iñaki Perurena harri-jasotzaileak marka berria hautsi du. Inork lortu ez duena lortu du. Bere lagun minei, harriei, bizia eman die, eta hauek hitz egiteko gaitasuna lortu dute. Leitzako Guratz mendiaren begiradapean, Gorritinea baserriko biztanle berriek Euskal Herriko historia antzezten dute. Peru Harri museoak harriek gizakiaren historian idatzi dituzten pasarteak biltzen ditu. Arkaitz Almortza. Argazkiak: Iban Aginaga.
Harria eta gizakia. Gizakia eta harria. Lehenengo gizon-emakumeak lehen pausoak ematen hasi zirenetik, bizirik dirauen maitasun istorioa. Mende hauetan guztietan zehar harreman hori hamaika eratan gauzatu da. Lehenengo gizakiek, adibidez, harrien artean, kobazuloetan, aurkitu zuten aterpea. Leizeak berotuko zituzten suak pizteko ere, harriak erabiltzen zituzten. Lagun bat hiltzen zenean, harrien azpian lurperatzen zuten, eraikitzen zituzten trikuharrien oinetan. Urteak joan, urteak etorri, maitasunaren sugarrak piztuta jarraitu du. Erdi Aroan, esaterako, harriekin zutitzen zituzten gazteluak, eta harriekin ere -katapulten bidez- eraisten zituzten. Euskal Herriak hasieratik egin du maitasun istorio honen aldeko apustua, eta bizilekuak eraikitzeko eta lanerako tresna gisa erabiltzearekin batera, euskal nortasunaren zati bihurtu da harria. Hau guztia liburuen eta filmen bidez ezagutarazi daiteke; orain arte ohikoa izan den metodoa. Baina Iñaki Perurena harri-jasotzaileak beste modu batez kontatu nahi digu mendez mende bizirik iraun duen harremana. Izan ere, istorio honek bildu ditzakeen hitzak, berak ongi ezagutzen duen adiskide min baten bidez ordezkatu ditu: harria. Hiru hamarkadatan horiek jasotzen ibili ostean, bere lagunekin zerbait berezia egiteko unea iritsi zela erabaki zuen, eta harriek gure historian idatzi dituzten pasarteak bildu nahi izan ditu Leitzako Peru Harri museoan. Sei urtez joan da pixkanaka-pixkanaka, eta Iñaxio semearen laguntzarekin, Gorritinea baserriko bizilagun berriei bizia ematen. Artistak adierazten duenez, “bihotzean jaio, buruan hazi eta eskuekin landu dira” artelanok. Peru harri-jasotzaileak, zortzi metroko eskultura erraldoiak, zaintzen du Perurenaren ametsen bizilekua. Hori da txoko honetako protagonista nagusiena, aita-semeak eraiki zuten lehenengo bizilaguna, abentura berri honi hasiera emateaz arduratu zena: “Buruan nuena poliki-poliki joan ginen irudikatzen, eta harria, hormigoia eta burdina erabiliz, itxura hartzen joan zen”, kontatzen du harro leitzarrak. Eskultura honen bitartez, Iñaki Perurenak jentilen indar fisikoa irudikatu nahi izan du. Peruren oinetan, bi eskultura handi loratzen dira Gorritineako zelaian. Lehena Nafarroako Pedro azken mariskalarena da. Museoaren aitak dioenez, gizon horrek izan beharko luke herrialde honetako benetako heroia, izan ere, hil arte egin zuen Nafarroaren aldeko borroka. Nafarrek, ordea, eskertu beharrean, oroitzapenean galtzera kondenatu dute. Harri-jasotzaileak, berriz, museo honetan eskultura bat eraikiz eskertu nahi izan dio egindako lana. Mariskalak barneko indar espirituala ordezkatzen du. Hirugarrenak, harria jaurtitzen ari den eskuak, indarra miresten duen herriaren arima islatzen du, hamaika baitira harriak eta indarra protagonistak dituzten kondairak. Hiru lagun hauekin batera, trikuharriak eta zutarriak eraiki ditu Perurenak. Gune honek kobazuloetako gizakiek duela ehun mila urte harriarekin egiten zituzten lanen berri ematen dio XXI. mendeko gizakiari. Hauen artean txapela buruan duen trikuharria nabarmentzen da. “Proiektua nire aitak ikustea nahi nuen, baina, lanean buru-belarri nengoenean, gaixotu eta hil egin zen; ez zuen Peru Harri ikusteko aukerarik izan”, dio. Hori horrela, Leitzako artistak eskultura honen bitartez omendu du aita, eta, bide batez, euskaldunen belaunaldi guztiak ere. Hau guztia euskal izaera islatzen duten harriekin osatzen da. Baserriko zelai berdea gure nortasunarekin zerikusia duten hitzez janzten da, harria baita euskal izaeraren zatia. Horren isla dira, adibidez, zenbait euskal deitura eta tokiren izenak: Arriet, Arrieta, Agirre, Agirrebengoa, Arrigorriaga eta Arroitz, beste askoren artean. Parkeak herria eta harria batzen ditu. Honekin batera, museoak denboran barrena bidaiatzeko aukera paregabea eskaintzen dio bisitariari. Alde batetik, Peru Harrik bi kobazulo gordetzen ditu, gizakiaren lehen etxearen ikur. Bestetik, Gorritinea baserria dago, euskaldunen urtetako bizilekuaren ordezkari. Era honetan, museoak, bere osotasunean, gizakiaren eboluzioaren argazkia irudikatzen duela esan daiteke. Baserriak xarma berezia du, izan ere, 250 urte igaro diren arren, osasuntsu gordetzen ditu harrizko hormak eta egurrezko habeak. Gainera, garai bateko euskaldunen bizimoduaren testigantza gordetzen du bere bihotzean. Iñaki Perurenaren ametsaren ateak baserriaren azpiko solairuan zabaltzen dira. Txoko honek euskal plaza bat islatzen du, eta, herrietako leku horietan egin ohi duen bezala, Leitzako harri-jasotzailearen erakustaldien eszenatokia da. Gune honetan bisitariek, harriaren eta kirol honen munduan barrena sakonago murgiltzeko, Perurenatarren saioez eta euskal harriez hitz egiten duen bideoa ikusteko aukera dute. Gorritineako lehengo solairuaren erdialdeak parke honetako arima gordetzen du: Neolitiko garaiko aizkora. “Nire aita hil eta handik gutxira, bi egunetara edo, lurra lantzen ari nintzela aurkitu nuen”, kontatzen du. “Harria landua zegoela ikusi nuen eta Aranzadi Elkartera eraman nuen aztertzera. Han egin beharreko azterketak egin, eta harriak 4.000 urte zituela esan zidaten”. Patua izan ala ez, Perurenak, era batean, bere “aitak bertan egon nahi duela” pentsatu nahi du; luzaroan semearen ondoan. Aizkorarekin batera, solairuak harri-jasotzaileen historia eta garapena kontatzen ditu. Azalpenen artean, Iñaki Perurenak jaso zuen lehengo harria dago ikusgai; guztia argazki zaharrez eta argibideak ematen dituzten testuez eta horma-irudiez lagunduta. Bigarren solairuan, museoaren bihotzean, bisitariak aita-semeak kirol honen historian idatzi dituzten pasarteen berri izateko parada du, hala nola jantzi dituzten dominak eta hautsi dituzten markak ikusteko aukera dute. Dena Iñaki eta Iñaxio Perurenak eginda, guztia ametsa egia bihurtzearren. Azkenik, Gorritineako txapelak, baserriko ganbarak, herri kirolei egiten die begi-keinua. Txoko horren xedea da euskal kirolak nola jaio ziren kontatzea eta urtetan bizi izan duten garapenaren berri ematea; indar jokoetatik eta landa eremuko kirola izatetik herri kirolak izatera eman zuten pausoa islatzen du. Eskulturak, harriak, kobazuloak, gure historiarekin eta kulturarekin hitzordua... hamaika dira Peru Harri museora gerturatzeko arrazoiak. Baina batez ere bat da guztien artean nagusitzen dena: Iñaki Perurena. Leitzako harri-jasotzaileak bere ametsa egia bihurtzea nola lortu duen entzutean eta bere begien argia ikustean, bisitariak hobeto ulertuko du Peru Harrik harrien artean gordetzen duen magia berezia. Bisitak Museoak ateak zabaldu zituenetik bisitariak jasotzen ditu. Bertaratu nahi dutenek 659701045 telefono zenbakira deitu edo
Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu
helbidera idatzi behar dute bertako arduradunekin harremanetan jartzeko.
Aitorren hizkuntza zaharra Euskara da euskaldun egiten gaituena. Beraz, Euskal Herriko historia biltzearekin batera, Iñaki Perurenak gure hizkuntzaren garapena islatzen duen artelana egitea du buruan.
30 urteko ibilbidea Iñaki Perurenak ez du artelana amaitu. Denbora duenean, Euskal Herriko mapa erraldoia eginen du Peru harri-jasotzailearen atzean. Horretan, leitzarrak hiru hamarkada hauetan harriarekin bisitatu dituen lekuak bilduko ditu: osotara, ia 700 txoko eta bazter. |