|

Horma-irudiekin ibilbide bat sortzeko proiektuak aurrera jarraitzen du Gasteizko Alde Zaharrean; kanpoko itxura konpontzea eta berritzea ez ezik, parte-hartzearen bidez auzoarekin eta bizilagunekin harremanak suspertzea da helburua. Ivan Santamaria.
Erdi Aroko kutsuak erakartzen ditu bisitariak Gasteizko Alde Zaharrera. Hala ere, azken garaiotan hiriguneko muinora hurbildu den edonor ustekabean harrapatuko duen beste elementu bat ageri da. 2007. urtetik auzoko hainbat etxaurre irudi handi, koloretsu eta deigarriekin margotuta daude. AEBetako muralismo mugimendu artistikoan inspiratutako ekimenak erro sendoak lortu ditu, eta ibilbide bat sortzeko asmoa ari da bidea egiten. Harri eta egurrezko Gasteiz zaharrari margotutako hiri berri eta moderno bat gehitzen ari zaio, apurka. Ideiaren jatorria Hedegile kaleko arte denda batean aurkituko dugu. Christina eta Veronica Werckmeisterrek euren abizena daraman saltokia kudeatzen dute. Artistak eta AEBetan jaioak dira, ama hemengoa dute, eta aspaldi buruan zebilkien muralismoa Gasteizera ekartzeko gogoa. “Nire ahizpa Veronicak muralismoa ikasi eta nahikoa lan egin zuen horretan AEBetan”, azaldu du Christina Werckmeisterrek. Atlantikoaren beste aldean historia luzea duen praktika artistikoa da. Alta, ez zen erraza izan ideia horren filosofia hedatzea, horma bat margotzea baino gehiago dela, alegia. “Auzoak zaharberritzeko tresna da, baina ez kanpoko itxuran soilik. Oso ekintza parte-hartzailea denez, arlo soziala suspertzeko ere balio du”. Arabako Arte Ederretako Museoaren Lagunen elkarteak (AMBA) kontratatu zituen lehen aldiz Werckmeister ahizpak, muralismoari buruzko tailer bat eskaintzeko. Orduko horretan ezin izan zuten aire zabalean lan egin. “Aldamio batzuk ordaindu eta aurrealde oso bat margotzen uzteko bezainbeste ez zuten gugan sinesten”, gogoan du Christinak. Alta, tailerrak ikusmina piztu zuen, eta hurrengo ekimen baterako adorea biltzen lagundu zien. Helburua Buruileria plazara ematen duen etxaurrea konpontzea zen, Santa Maria katedral zaharraren magalean. Brenan Duarte artista eta AMBAko kidea bidelagun izan zuten orduan. Berriro ere muralismo amerikarraren ereduan oinarritu ziren. Laguntza publikoa txikiegia zenez, inguruko enpresa eta elkarteen konplizitatea eta laguntza bilatu zuten. Katedralaren zaharberritzeaz arduratzen den fundazioari berehala gustatu zitzaion egitasmoa. Hala, pareta konpondu eta aldamioak jarri zizkien. Era berean, AEBetako enpresa batek horma-irudietarako pintura bidali zien, doan. Jarduera antolatzeko bidea, atzera ere, tailerra izan zen, jende ahalik eta ezberdinena biltzeko. “Pintura desmitifikatu nahi genuen. Jende orok du sormena, eta, profesionalek gidatzen badute, edozer egin dezake”. Emakumeak, gizonak, langabeak, soldatapekoak, gazteak edo erretiratuak, parte-hartzaile guztiei zabaldu zitzaien gonbitea. Auzoa, protagonista Murala margotzen ari diren bitartean jatorri ezberdineko pertsonak elkarrekin aritzea eta esperientziak trukatzea da helburuetako bat. Baina, egileen artean ez ezik, auzokoekin ere komunikazioa irekitzea bilatzen dute. “Azken finean, arte publikoa da, eta sei bat aste behar dira irudia osatzeko”, nabarmendu du Christina Werckmeisterrek. “Aldamioan ari garen bitartean gerturatzen den jendeari egiten ari garena zer den eta zertarako den azaltzen saiatzen gara”. Iruzkin guztiak dira ongi etorriak, onerako edo txarrerako. Buruileria plaza txukundu eta gero, Haurtzaro haurtzaindegiko eraikina berritzeari ekin zioten. Lan eskerga izan zen, eraikinaren lau paretak eta hiru solairuak margotzea erabaki baitzuten. Lan horretarako Gasteizko Udaleko Hezkuntza departamenduaren finantzazioa izan zuten. Kanpotik eta barrutik aldatu zen eraikina. “Ia 30 urtez grisa eta iluna izan ondoren, konpontzea erabaki zen”. Bertako langileak eta gurasoak erakarri zituen ideiak, eta horma-irudietan lagundu zuten. “Eraikina biziberritu zen. Erortzear zegoen postontzia eta guzti aldatu zieten”. Lehenbiziko ekimen horiek emandako eskarmentuarekin, muralismoa bultzatzeko euren elkartea sortu zuten iaz Werckmeister ahizpek, AMBAtik bananduta, El Martillo izenekoa. Eta hor sortu zen Gasteizen horma-irudi ibilbidea prestatzeko asmoa, “Margotutako hiria” leloarekin. Bi artista profesionalek zuzenduta, bi etxaurre margotu zituzten iaz, Pintoreria eta Santa Maria kaleetan. Patricia Lopez Landabaso bizkaitarrak “Zeru eta Izarrez estalirik” gidatu zuen, eta Carlos Adevak “El triunfo de Vitoria” prestatu zuen. Zuzendaritza profesionalen eskuetan utzi bazen ere, eskema parte-hartzailea sustatu zen berriro. Zaramagako Diseinu Eskolako ikasle batzuek praktikak egin zituzten, eta Brotxaren Brigadak sortu ziren, 16 eta 20 urte bitarteko gazteei udako lan ordaindu bat emateko. Horiekin batera, noski, 25 boluntario aritu ziren, Alde Zaharrekoak eta hiriko beste auzo batzuetakoak, bertakoak nahiz atzerrikoak. Programak interes handia piztu du. Hala ere, badira Alde Zaharrean tokirik ez duela uste dutenak. “Garbizaleak badira, dena harrizkoa nahi dutenak, eta jarrera hori errespetatzen dut. Hori bai, margotu ditugun etxaurreak ez zeuden batere zainduta, ez zuten ematen Erdi Aroko itxura hori. Ezer ere ez zegoen tokietan, orain espazio erakargarri batzuk daude”, argudiatu du Christinak. Zer margotuko den erabaki baino lehen, tokiaren ezaugarriak aintzat hartzen saiatzen dira. “Buruilerietan, esaterako, kolore epelak erabili ziren, inguruko etxeekin harremana izateko, eta irudiaren edukiak zerikusia du bertako historiarekin”. Ibilbide hori luzatzea da aurtengo erronka. Oraindik, ez dakite Udalak programari jarraipena emateko finantzazioa emango dien ala ez. Hala ere, beste bide batzuetatik saiatzeko prest daude. Jarduera indartzeko gogoa ez zaie falta. Hala, AEBetako enbaxadarekin harremanetan jarri dira, herrialde horietako muralistak beka bidez Gasteizera ekartzeko. Ideia artista amerikar batek eta hemengo batek tailerrak elkarrekin zuzentzea da. Etorkizunean, Alde Zaharrean aritu direnak AEBetara bidaltzen ahalegindu nahi dute.
|