|

Santurtziko Mamariga auzoak kultur etxe berezi bat du. Autogestioan eta kide guztien lan militantean oinarritzen da, eta hogei bat urte darama auzoan euskal kultura parte-hartzaile, alternatibo eta askea sustatzen. 80ko hamarkadako okupazio mugimendutik sortutakoa da, gaur egun kudeatzen dutenen gurasoek bultzatua. Asanbladako kide Gotzonek eta Ikerrek aitortzen dutenez, “zortea” izan da hainbeste irautea, “baina Mamariga auzo berezia da, beti egin du aurrera auzotarren ekimenari esker”. M. Egimendi.
Urte hauetan egindako lana handia izan da, gogo, ilusio eta egitasmoz betea, eta hori ondo ospatzea pentsatu dute kultur etxekoek. Horregatik nahi dute maiatzean egin ohi duten Kultur Eguna aurten berezia izatea. Maiatzaren 29an izango da, eta dagoeneko erabaki dute herri bazkaria, kalejira, erromeria eta kontzertua izango direla, besteak beste. Egun horren helburua kultur etxea kalera ateratzea izaten da, urtean zehar egiten dutena erakustea. Horrela, gaita, txalaparta edota pandero ikastaroak egin dituztenek giroa alaitzen duten bitartean, sukaldaritza ikastarokoek prestatzen dute jatekoa, abesbatzakoek erretzen dute zikiroa eta gurutze-puntu ikastarokoek euren lanak kalean egin eta erakusten dituzte. Ikastaro eta tailerrak doan izaten dira, eta irakasleek ez dute kobratzen, etxearen aldarrikapenetako bat kulturaren doakotasuna delako, nahiz eta ikasleek batzuetan botea jarri hainbat material erosteko. Gainera, askotan ikastaro bat egin duen jendea prest agertzen da gero hurrengoa emateko. Kultur Egunaz gain, ekainean Eki Eguna eta abenduan Negu Eguna egiten dira, ohitura zaharrak berreskuratu eta Donibane eta Olentzero jaiak kontsumismotik eta erlijiotik at ospatzeko, “arbasoek bezala, solstizioekin batera”. Txokoa ere badu kultur etxeak, eta edonork erabil dezake hainbat baldintza betez gero: erreserba egin; bazkari, askari edo afariaren ondoren dena garbi eta txukun utzi; gauean zaratarik gabe ibili; zerbait gastatu bada, oharra jarri... Erabilera doakoa da, borondatea besterik ez da eskatzen bote bat osatu eta garbigarriak, olioa, gatza eta horrelakoak erosteko. Izan ere, autogestioa eta autofinantzaketa daude kultur etxearen oinarrian. Diru iturri nagusia auzoko jaietan eta Santurtziko jaietan jartzen duten txosna da. Ateratakoa urtean zehar gastatzen da, ekintzak dagoen diruaren arabera antolatuta. Ez dute inolako laguntza publikorik jaso nahi: “Ez dugu inorekiko mendekotasunik nahi. Norbaiten dirua onartuz gero, ez ginateke aske izango, beste norbaiten nahiak bete beharko genituzke, eta ezin izango genuke geuk nahi dugun bidea egin. Geure buruaren jabe izateko modu bakarra da. Bide zaila eta gogorra da, baina oso aberasgarria aldi berean, benetan aske sentitzen garelako”, diote Gotzonek eta Ikerrek. Immigrazioa eta Kuba Mamariga auzora ere gero eta kanpotar gehiago heltzen ari da. Hori dela-eta, otsailaren 18an Euskal Herria helmuga filma proiektatuko da. Patrizia Muñozek zuzendutako dokumentalean Euskal Herrira bi une ezberdinetan etorritako migrazioa agertzen da aurrez aurre, 50eko eta 60ko hamarkadetakoa eta azken urteotakoa. Bestalde, otsailaren 9tik 23ra Kubako emakumeak, iraultza bat beste baten barruan erakusketa antolatu dute Euskadi-Kuba elkartearekin batera. Inaugurazio egunean hitzaldia izango da, emakumeek Kubako gizartean izan duten eta egun duten lekuari buruzkoa. Erakusketak berdintasunaren alde eta mendekotasun zein bazterkeriaren aurka egin diren politika publikoen berri ematen du, baina emakumeek omen diote sistema patriarkalaren aurreiritzi eta estereotipo sexistak gainditzeko oraindik ere lan handia behar dela.
Udal kultur etxea? Hogeigarren urteurrenaren ospakizuna prestatu bitartean, Mamarigako kultur etxea sinadurak biltzen eta buzoneoa egiten dabil. Izan ere, kultur etxeak, auzo elkartea, dantza taldea eta jai batzordearekin batera, auzoko frontoia estaltzeko eta, plazaren beheko aldeko lekua aprobetxatuta, erabilera anitzeko gela eta liburutegia sortzeko eskatu zion Udalari 2008an. Horrez gain, “kultur etxeak orain dituen ezaugarriak errespetatzea eta bermatzea” ere eskatu zuen. Frontoia estaltzeko lanak bukatu dira ia, eta gainontzean, auzoan kultur etxe berri bat eraikitzeko proiektua dagoela erantzun zuen Udalak, kultur etxekoengan kezka sortuz: “Susmagarria da Mamarigan kultur etxe berria proposatzea, Santurtzi osoan kultur etxerik ez dagoenean. Santurtzik kultur etxea behar du, baina Mamarigan badugu auzoak sortu eta ondo kudeatutako bat”, diote bertakoek. “Udalak, guk eskatutako azpiegiturez gain, ludoteka ere sartu du, eta gu horren alde gaude, baina beste gela batzuk ere eraikiko dira, eta hori badago orain kultur etxean; beraz, espazioak bikoiztea eta krisi garaian diru inbertsio handia egitea bakarrik lortuko litzateke. Gainera, Udalak egitasmoa inori ezer galdetu barik egin du, nahiz eta aurretik esan gure parte-hartzea kontuan izango zuela. Gezurretan aritu dira, esan zigutelako ez zegoela ezer pentsatuta eta zerbait egitekotan iritzia eskatuko zigutela, baina udal aldizkariaren abenduko alearen bitartez eta pasa den urteko abenduaren 2ko El Correo egunkariaren bidez jakin dugu egitasmoak dagoeneko 1,7 milioiko aurrekontua duela”. “Kultur etxea autogestionatua denez, ez dute horren gaineko kontrolik, eta hori kezkagarria da udalarentzat. Etorkizuneko hori ez litzateke autogestioan oinarrituko eta ez luke eredu parte-hartzailea eta alternatiboa bultzatuko. Kultur etxe berrian guretzat espazio bat gordeko dutela ere esan digute, baina guk ez dugu besterik nahi, geurea dugu hemen, eta errespetatzea nahi dugu. Udalarena den beste espazio batera joaten bagara, eurek kudeatuko dute, etxea ireki, itxi eta dena kontrolatzen duen pertsona bat jarriko dute, eta hori ez da aske izatea”. Udalak, bere aldetik, Mamarigan kultur etxe bat egingo dela dio: “2007tik garatzen ari garen gure programan dagoen egitasmoa delako. Kultur etxea garrantzi handiko lorpena izango da kultur ekintzetan eta elkartetan hain aberatsa den eta, batez ere, berezko nortasuna duen Mamariga auzorako. Ezaugarri horiek oinarritzat hartuta, lanean ari gara eta, laster, behin betiko proiektua izango dugulakoan gaude. Horiek horrela, oraingoz auzoko elkarteekin batera jorratzen ari garen zehaztapen guztiak jendaurrean erakusteko unea helduko zaigu. Kinka horretan gaude orain”, dio Danel Bringas kultur zinegotziak.
|