|

Aizu! liburu biluzia. Irakurle jantziak ditugun arren, aldizkaria biluztu digu Markos Gimenok (Ermua, 1974) soinean daraman palindromoarekin. Propio egindako hizpilu edo aztihitza –bi hitz horiek ere erabiltzen ditu palindromoak izendatzeko- ekarri digu berarekin eginiko hitzordura. Izan ere, halakoak sortzen artista da Gimeno autore erotua. Eñaut Mitxelena. Argazkiak: Amaia Zabalo.
Autore erotua, atara zarata, Arabara, ama, eme, arra, erre, ari dira, inozo ni, niki zikin... Ezkerretik eskuinera eta eskuinetik ezkerrera berdin irakurtzen diren hitz nahiz esaldiak dira palindromoak. Euskaraz, batzuk ezagun eta jakinak dira, batik bat hitz solteei dagokienez, batez ere hiru hizkikoak badira. Perpausak egitea zailagoa da, baina “pazientzia, afizioa eta dedikazioa” izanez gero, aukera mordoa eskaintzen du euskarak. Ondo daki hori Gimenok. Hitz jokoen zalea, urteak daramatza palindromoak zaletasunez sortzen. Azken urteotan, gainera, hizpilu horiek ezagutarazten saiatzen da. Duela bi urtetik hona, bere blogean (http://www.blogak.com/zerorajasoa) irakur daitezke berak sortutakoak. Modu berezian plazaratzen ditu, gainera: jendeari ariketak ipinita. Galdera bat egin, arrasto batzuk eman, erantzunaren hitz eta hizki kopurua zehaztu, eta erabiltzailearen abileziaren esku uzten du palindromoa asmatzeko lana. Nolanahi ere, blogaz gain, bestelako moduak bilatzen ditu Gimenok bere palindromoak ezagutarazteko. Palindromoak irudiekin osatuz edota kamisetak egin eta salduz, esaterako. Izan ere, diseinu kontuak gustuko ditu Gimenok –besteak beste, diseinu grafikoko lanak egiten ditu-, eta horiek ere kontuan hartzen ditu: “Beti saiatu izan naiz palindromoak diseinuarekin lotzen. Irudiarekin, letra motarekin... Palindromoak aberasten saiatzen naiz, borobiltzen”. Horren adibide dira Ermuko Urkaregi jatetxean ikus daitezkeen palindromoak edota bere blogean eros daitezken kamisetak. Esanik erruz egi bat ta bi gezurrekin ase dio kamisetetako palindromoak, eta Gimenoren kuttunetako bat da. Berak egindako lehenetarikoa da, esanahi aldetik gustuko du, diseinu zaindua du... Hain du gustuko, ezen duela urtebete besoan ere tatuatu zuen. Palindromoa bera “niretzat, artelan baten modukoa da”, diosku. Teknologia lagun Hizpiluak ezagutzera emateko bloga du tresnarik eraginkorrena. Sortu zuenean, ordea, ez zuen palindromoei buruzkoa izateko helbururik: “Nire gauzak sartzeko gunea zen. Berez blog pertsonala da”. Palindromoen ariketak sartzen hasi zenetik baina, bere zaletasuna zabaltzeko balio izan dio. Eta baditu jarraitzaileak: “Parte hartzera, erantzutera ez dira asko ausartzen. Baina ikustera sartzen direnen bisitak gehitu dira”. Horrekin pozik dago Gimeno, “halako gauza bat ezin delako masiboa izan, eta are gutxiago euskaraz. Kontua irautea da, gauza berriak sortzea eta jendearekin harreman hori mantentzea”. Alta, blogak sortzen dituen harreman eta trukeetatik at ere saiatzen da bere zaletasuna lantzen. Katalunian sorturiko Nazioarteko Klub Palindromikoko kide da http://www.albaiges.com/cpi/cpi.htm), eta aktiboki parte hartzen du bertan. Zaletasun bera duten pertsonak elkarrekiko harremanetan jartzen ditu elkarteak, eta urtero topaketa bat egiten dute bildu, elkar ezagutu, elkarren palindromoen berri eman eta, bide batez, ondo pasatzeko. Duela hamar urte hasi zen Gimeno palindromoak sortzen, “pixka bat kasualitatez”. Etxean irratia entzuten ari zela, “irratsaio batean gaztelaniazko palindromoak aipatu zituzten. Neure buruari galdetu nion ea euskaraz egiterik izango ote zen. Hasieran pentsatu nuen ezetz, euskaraz ez zela posible. Hainbeste -ntz eta halakoak… Probak egiten hasi nintzen, eta batzuk atera ziren”. Ordutik, buru-belarri heldu zion zaletasun berriari Gimenok, eta palindromo mordoa osatu du. Hasiera batean beretzat gordetzen zituen, haiekin zer egin ez zekiela. “Hasieran friki edo arraro xamarra sentitzen nintzen: nora noa ni gauza hauekin? Poemak edo ipuinak edo antzekoak badira, baduzu lan horiek bideratzeko modua. Baina palindromoak gauza bitxi bat ziren, printzipioz oso gauza pertsonala, eta ez nuen haiek erakusteko modurik ikusten”. Haatik, ezusteko laguntza iritsi zitzaion prentsatik. Anjel Lertxundik Berria egunkarian egunero idazten duen Hitz beste zutabean palindromoak izan zituen behin hizpide. Gimenok, hura irakurrita, Lertxundiri zenbait palindromo bidali zizkion, “ea zer iruditzen zitzaizkion, aipatzen baitzuen antzeko gutxi zeudela euskaraz”. Lertxundik, Gimenori informazioa eskertu eta animoak emateaz gain, beste zutabe batean bere palindromo zenbait plazaratu zituen. Horrek eman zion bultzada, eta “orduan hasi nintzen kontua serioago hartzen: “Anjel Lertxundik aipatzen badu eta gustatzen bazaio, hau gauza errespetagarria izango da. Serioa ez dakit, baina behintzat errespetagarria”. Baita besteontzat gozagarria ere.
Hiztegi eroa Hitzak eta hitz jokoak biziki maite dituen “berbajalea” da Markos Gimeno. Palindromoak egiteko ez ezik, bestelakoak egiteko ere baliatzen ditu hitzak. PAM (Puto Amoak Matematiketan) taldeko kide izanik, letra batzuk idatzi ditu taldearentzat; zenbait haiku ere baditu bere blogean, eta Hitzokei sareko hiztegi eroaren sustatzailea ere bada. Ekimen kolektiboa da Hitzokei (http://hitzokei.tximinia.net/), eta hitzen definizio xelebreak sortzea du helburu. Irudimena eta umorea erabilita, eta batzuetan hitzen grafia edo ahoskera aldatuta, hitz eroak sor ditzake edonork, auzolanean eraikitako ekimena baita. Gaztelaniazko antzeko ekimen batzuk oinarri hartuta, mezu laburrak jaso eta bidaltzea ahalbidetzen duen Twitter zerbitzuaren bitartez abiarazi zuen Gimenok, tresna honek erabiltzaileen arteko sareak sortzeko eskaintzen duen aukera baliatuta. Ondoren, Julen Ruiz Aizpuru software askeko garatzaileak gordailu automatikoa garatu zuen, eta bertan irakur daitezke orain artean jendearen etorriari esker sortutako definizioak. Dagoeneko ia 350 hitz biltzen ditu, 44 egile ezberdinek eginak. Proiektu irekia izanik, jakina, edonork parte har dezake bertan. Eta ausartzen ez denak, barre egiteko beta izango du definizio zoro horiek irakurtzen... Izan ere, ba al dakizue “Gorputza: zaratarik gabeko puzkerra” dela? |